
Algortako San Inazioetako jai batzordeak apiril hasieran abiatu zuen aurtengo kartel lehiaketa. Lanak aurkezteko epea igarota, jasotako guztietatik hiru aukeratu dituzte. Hala ere, "ez da lan erreza izan", aitortu dutenez. Gauzak horrela, azken erabakia herritarren esku utzi dute jai batzordekoek. Bozketan parte hartu nahi duen guztiak mezua bidali beharko du
aixerrota.jaibatzordea[abildua]gmail.com helbide elektronikora, izenburuan "Kartel Lehiaketa" jarriz eta edukian aukeratu duen kartelaren zenbakia zehaztuz: "Kartela 1", "Kartela 2" edo "Kartela 3". Horrenbestez, maiatzaren 26a, osteguna, izango da bozkatzeko azken eguna. Irabazlea zein zen erabaki artean, aurkeztutako kartelen egileen izen-abizenik ez du emango jai batzordeak. Gogoratu, uztailaren 28tik abuztuaren 1era bitartean ospatuko direla aurten
Algortako San Inazioak. Boto gehien jasotzen dituen kartela izango da horien irudia. Horren egileak, berriz, 300 euro jasoko ditu. Argazkian, iazko jaietan Bost Axola koadrilak irakurri zuen pregoia eta Bidebitarte txokoak piztu zuen txupina.