Kultura, kirola, euskara eta gazte arloetan dituen proposamenen berri eman du gaur Getxoko EAJk. Horren arabera, azken horien beharrei "politika eta ekipamendu berezien bidez" erantzungo zaie, "udalerriko gazteak zein umeak gizaki bezala hobeto gara daitezen". Besteak beste, 35 urtetik beherakoei etxebizitza alokatzeko aukera emango dien ekimena aipatu dute tokiko jelkideek. Algortako Alango aldean altxatuko diren 145 etxeen %60 horretara bideratzeaz gain, etxebizitza babestuak sustatzeko proposamen berriak aztertzeko asmoa dauka EAJk. Bestalde, Imanol Landa alkategaiak adierazi duenaren arabera, “euskara eta euskal kultura herri eta alderdi bezala dugun identitate erakusgarri argiak dira. Atsedenik gabe sustatu eta bultzatuko ditugu, horixe nahi baitute gure auzokideek”. Hizkuntza-ondarea zaintzeko eta bultzatzeko, Getxon Euskararen Erabilera Biziberritzeko hirugarren Planari ekin nahi diote, eta "denok parte hartzea da helburua, gure hizkuntzaren normalizazioaren aldeko politikek aurrera egin dezaten; eta ondorioz, Getxon euskaraz bizi nahi duenak horretarako aukera izan dezan". Argazkian, aurreko egunotan Getxoko EAJren etxebizitza, aparkaleku eta irisgarritasun proposamenen berri eman du Imanol Landak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!