Bilduren "aniztasunak izugarrizko indarra" suposatzen duela azpimarratu zuen atzoko ekitaldian Joseba Gezuragak. Lurraldeko ahaldun nagusi izateko hautagaiak gogor kritikatu zuen Iñigo Urkullu EAJren burua eta, hori egiteko, EAEn politika fiskala aurrerakoia egiteko dagoen aukera "ez aprobetxatzea" aurpegiratu zion. "Hemen gaitasuna dugu gure arau fiskalak erabakitzeko, baina Urkulluk egiten duena zera da: Madrilera joan, Zapaterorekin erabaki eta gero erabakia ona ekarri eta hemen mutu geratu", adierazi zuenez. Agirrresarobek, bere aldetik, argi utzi nahi izan zuen Bilduri "indar erradikala" izatea leporatu diotela, "dauden ezberdintasunak eta injustiziak errotik gainditu nahi dituelako". "Arazoen eta gehiegikerien sustraietara jotzea erradikala izatea baldin bada, Bildun erradikalak gara, bai horixe!", esan zuen.
Sopelako Bilduren ekitaldi nagusia (© Sopela.net):