"Politikariak esna daitezen" udalerrian ere "haserre egunak" beharrezkoak ote diren ala ez planteatu du Patxi Amezaga
Getxoko Independenteen hautagaiak. Adierazi duenez, "aitzindaria badauka Getxon egunotan barreiatzen ari den hiritar haserretuen mugimenduak; Getxoko Independenteen hautagaitza bera, herritarren erabakiak aintzat hartzen ez dituzten alderdiez kokoteraino dauden auzokideez osatua". Tokiko EAJk Espainiako Gobernuak emandako 41 milioi euroko laguntzak "arrakastatzat" hartu arren, E Plana delakoa "paregabeko burugabekeria" izan da Amezagaren ustez. Independenteen hautagaiaren arabera, "lanpostu egonkorrik ez" du ekarri eta, "zor publikoaren bitartez finantzatu dutenez, pentsioak eta soldatak are gehiago murriztea eragingo du". Amezagaren hitzetan, "zuloan sartu gaituztenak pikutara bidaltzeko garaia da". "Islandiako herritarrak eta hainbat herrialde arabiarretakoak 'aski da' esateko gai izan badira, zergatik ez getxoztarrak ere bai?", galdetu dio bere buruari. Argazkian, hainbat auzokide antenen kontrako protestan Areetan / © Antenarik Ez.