Iñigo Fernandez de Martikorena: "Onena emateko garaia"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mai. 23a, 17:29

Ez dakit, botoak batze aldera, EAJk "Onena emateko garaia" kanpaina leloarekin asmatu egin duen, baina bart sortutako eszenatoki berrian murgiltzeko egoki bilakatu zaio. Jeltzaleek irabazi egin dituzte Hego Euskal Herriko udal hauteskundeak 327.011 botoekin eta, NaBai2011ren barruan, 36.262 boto-paperek hainbat zinegotzi eman dizkiete. Orokorrean, lehenengo indarra izaten jarraitzen du, hegemonia Bizkaian mantendu, bigarren alderdia bilakatu da Araban eta igo egin da Gipuzkoan, bertan bigarren jarraitzen duela. Halere, ilegalizazioak eta indar soberanisten atomizazioak ahalbidetzen zizkioten gehiengo oso zein erlatiboak erosionatu egin dira. Gainera, 2007koak EAJren emaitza okerrenetarikoak izan dira azken urteei dagokienez. Hortaz, handik hona boto poltsa 18.000 hautesletan hobetu izanak ez du ematen aurrera begirako berme handirik. PP eta PSE-EEren arteko itunetik etor zitekeen abertzale haserreen botoa ez du hein handian bereganatu. Eusko Alkartasunaren kalan ere ez du uzta handiegirik harrapatu, sektore horretan Bilduri buruzko beldurrak zabaltzen aritu arren. Kudeatzailearen higadura den, Zapateroren neurri antisozialen bermatzailea izateagatik den edota ilegalizazioaz baliatu izanari erantzuna den aztertu beharko dute Urkullukoek. Argazkian, Uribe Kostako EAjren alkategaien aurkezpena / © Gorlizko EAJ.

Izan ere, EAJren Euzko Buru Batzarrak ez du jokaleku erraza izango. PSOEren Espainiako Gobernuak hitzartutako eskuduntza gehienak oraindik bete gabe dituela, gero eta nabarmenagoa da Zapateroren ondoan agertzeak kalte egiten duela. Baina hori bezain egia da egun Espainiako hauteskundeak burutuz gero, emaitza PPren gehiengo osa litzatekeela eta testu-inguru horretan EAJren emaitzak Madrilen ezer gutxirako balioko luketela. Hortaz, Espainiako egonkortasunerako hitzarmena aurten errepikatuko den ala ez dugu Hego Euskal Herriko mugimenduetarako aldagaietariko bat.

Aliantza sendorik ez

PSOErekin eta, hortaz, PSE-EErekin akordioetara heltzeak hainbat ate zabalduko lizkie jeltzaleei. Hala nola, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzar nagusietako gehiengoak. Halere, BIldurantz biratzeak ere etekin handiak emango lizkie. Baina ez bata eta ez bestea ez dira formula errazak. Patxi Lopez Lehendakaritzan jesarrita dagoen bitartean, nekez ulertuko lukete jelkideek PSE-EErekiko aliantza global bat. Gainera, ezberdintasunak ezberdintasun, haietako askok ez luke begiko izango Bildu udal eta foru gobernuetatik ateratzeko hitzarmenik, Bilduk emaitza onak izan eta hainbat esparru gobernatzea nolabait prozesu demokratikoak aurrera egitearekin berdintzen baitu jeltzaleen boto emaile kopuru esanguratsu batek.

Bestalde, oraindik ez da giroa Bildurekin aliantzak egiteko. Hasteko, hamaika gaietan, batez ere hiri antolamenduan eta azpiegituretan, EAJ eta koalizioaren arteko ezberdintasunak potoloak direlako. Era berean, Bildu oraindik ez delako martxan hasi eta hauteskunde kanpainak ez ezik egunerokotasuna kudeatzen badakiten frogatu beharko dute ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Araba Baik. Nekez sar liteke EAJ bezalako alderdi bat aliantza ez egonkor batean. Azkenik, jeltzaleek jakin badakite prozesu demokratikoa bake prozesu bilakatuko balitz, ezker soberanistak boto multzo garrantzitsu bat kenduko liokeela eta, hortaz, ez da unea opariak egiten hasteko. Eta prozesua aurrera joango ez balitz konpainia okerrean lirateke orduan jeltzaleak. Hortik ere, akordiorako gomendiorik ez.

Uribe Kostan, hamaika aukera

Gauzak horrela, unean-uneko eta tokian-tokiko hitzarmenen bidean murgilduko da EAJ. Ekainaren 11ra arte litekeena zinegotziak eskuratu dituzten indar guztiekin biltzea, bakoitzak zer eman, zer eskatu eta zer nolako programekin hitz egiteko.

Udalerri bakoitzak inguruetakoetan izan dezakeen eragina kontuan hartu gabe –historikoak dira, adibidez, ezker abertzaleak eta EAk Lekeitio eta Bermeoko alkatetzak eskuratzeko egindako kromo aldaketak–, hamaika aukera daude gure herrietan.

Barrika, Ezpeletaren erabakiaren zain

Alfabetikoki hasita, Barrikan Bildu (bigarrenak, 3 zinegotzirekin) efektuaz gain Juan Jose Ezpeleta Perez jelkideak bultzatutako iBarrika (2 zinegotzi) zerrendaren olatua ere nabaritu dute. Berdeen zinegotzi bakarra garrantzitsua izan daiteke aliantzak egiterakoan. Izan ere, Ezpeletak bere bi botoak norekin batuko dituen jakitea gatza da, alde batean zerrendetatik bota eta epaiketa izan zituen jelkideak (irabazleak eta 3 zinegotzi) daudela eta bestetik, bere hirigintza praktikak prentsan eta epaitegietan ere salatu dituzten EAko zinegotziak. Dena den, nonbaiten botoak zenbatu eta birzenbatuko badira, hemen izango da, Bildu EAJren boto bakarrera gelditu baita.

Berango, Lantzarte efektua

Berangon, Anabel Landa jeltzaleari (lehenengoa, 5 zinegotzi) bukatu zaio gehiengo osoaren aroa edo, askoren ustez, herria batzokia balitz bezala maneiatzeko garaia. Halere, litekeena da Udal Gobernuan jarraitzea, PSE-EEko Joseba Markaidaren botoa nahiko baitu, ezinezkoa den Bildu (4), PP (2) eta EBren (1) arteko balizko aliantza baten aurrean. Dena den, oposizioak nabarmen baldintza dezake Udal Gobernuaren funtzionamendua ados dagoen gaietan, Lantzarteko salmentari eta Lurralde Zati Planari ezetza ematean gertatu bezala. Hori ekiditeko, bide bakarra luke Landak: Udal Gobernu zabala adostea PPrekin ala PSE-EE eta EBrekin, baina nahiko zaila ematen du batak zein besteak.

Erandio, Joseba ez da Mikel

Legealdi erdian hartu zuen Joseba Goikouria jeltzaleak Mikel Arieta-Araunabeña alkatea ordezkatzeko ardura. Bart, lehenengo aldiz pasatu da hautestontzietatik eta 452 boto, bi zinegotzi eta gehiengo osoa utzi ditu bidetik, hamar hautetsitan geldituz. Halere, ez luke arazorik izan behar Udala kontrolpean izateko, unean-uneko akordioak PSE-EE (5), Bildu (4) ala PPrekin (2) hitzartuz.

Getxo, Marisaren mamua uxatuta

Imanol Landa alkate jeltzalea eta Marisa Arrueren arteko distantzia handitzen lagundu dute EAJk (10 zinegotzi) jasotako 623 boto berrik. 2007ko zinegotzi kopuru bera lortu dute jeltzaleek, baina zerrenda ilegalizatuenak hartu gabe oraingo honetan. PPk (9 zinegotzi) 185 boto gehiago lortu badu ere, guztira EAJrekiko tartea 1.204 bototara luzatu zaio. Bildu efektua deritzotena soberanista eta independentisten koalizioa 7.048 boto eta 4 zinegotzira eraman badu ere, bart azpimagarriena PSE-EEren (2) suntsipena izan da, botoen herena galduta. Beren aldetik, Ezker Batuak eta Aralarrek, EAEn ez bezala, ezin izan diote bananduta eutsi 2007an batera ateratako botoei eta %20 utzi dute bidetik. Biak elkartuta, zinegotzi bat izango lukete, EAJren kalterako. Udalbatza horrekin, Landa alkatea izaten jarraituko du eta litekeena da unean-uneko proiektuetarako eta aurrekontuetarako Bilduren laguntza bilatzea.

Gorliz, berriro artaldera?

2007an tragedia izan zen Gorlizko jeltzaleentzat, hauteskundeak irabazi arren Gorlizko Independenteen, PPren, EBren eta EAren arteko hitzarmenaren eraginez alkatetza galdu baitzuten. Udal Gobernutik atera eta segidan egindako berritzeak onurak ekarri dizkio EAJri (irabazlea eta 5 zinegotzi). Independenteek ere kapitalizatu dute alkatetzan egindako lana eta 318 boto hazi dira, besteak beste, PP, PSE-EE eta EB-Aralarreko hainbat boto bereganatu dituztela. Orain, Bildu koalizioak (3 zinegotzi) erabakiko du alkatetza nori eman. Horrek tentsioa eragin dezake EAren eta ezker abertzalearen artean, lehenengo alderdiak Emma Calzada gaur arte sostengatu duela, ezker abertzalea oso kritikoa izan den bitartean.

Leioa, "transbertzalea"

Leioaztarrek bere konfiantza eman diote berriro Eneko Arruebarrena alkate jeltzaleari. EAJk 181 boto gehiago eta zinegotzi bat gutxiago, 9, eskuratu ditu. Bilduk ez du Euskal Herritarrok eta EAk 1999an bildutako 2.703 botoak berdindu baina ez da urrun gelditu ere: 2.462 boto eta 4 zinegotzi. Halere, ez du ematen hautetsi horiek gauza handirako baliatu ahal izango dutenik. Izan ere, ekainaren 11n eratuko den Udalbatzan PSE-EEk eta PPk launa zinegotzi izango dute eta Ezker Batuak bakarra. Gauzak horrela, EAJk ja ez du nahiko izango Isabel Garciaren babesa eta berdin izango zaio Bildu, PSE-EE edota PPrekin akordioetara heltzea. Dena den, ezaguna da herri horretan ezker abertzalea eta jeltzaleen arteko harremanak ez direla batere samurrak. Beraz, litekeena da Arruebarrenak PSE-EErengan bilatzea aurrekontuetarako botoak.

Lemoiz, EAJren gehiengo osoa

1979tik hona lau urtero egin bezala, Lemoizen udal hauteskundeak irabazi ditu berriro ere EAJk (5 zinegotzi). Gainera, 1983tik egin ohi duenez, gehiengo osoz. Unai Andraka gazte jeltzaleak 346 boto eskuratu ditu, Pedro Jesus Botejara aurreko alkateak baino 57 gehiago. Hortaz, Andrakak ez du beharko inoren sostengurik eta Bilduk ezin izango die etekina atera eskuratutako 4 jesarlekuei. Errolda handitzearen eraginez udalerriak bi zinegotzi gehiago izango ditu aurrerantzean.

Plentzia, bukatu da uholde urdina

Hauteskundeak berriro ere irabazi, 58 boto berri eskuratu eta EAJrekiko tartea 8 bototik 12ra zabaldu badituzte ere, litekeena da Isabel Zarauza gidatzen duen Plentziako Independenteen iraultza urdina amaitu izana. Izan ere, Bilduren sarrerarekin 5 hautetsietatik 4ra jaitsi dira independenteak eta aliatua zuten PP desagertu da Udalbatzatik. Hortaz, EAJk (4) eta Bilduk (3) osa dezakete gehiengo berria. Ezker abertzaleak euskararen gaietan eta EAJk hirigintza kontuetan independenteei egindako kritikek bide horretan eramango dute seguruenik.

Sopela, lagunak ez dira bildu

Lehenengo aldiz historian EAJk galdu egin ditu Sopelako udal hauteskundeak. Bildu nagusitu zaio, 2.251 eta 2.030. Botoak boto, zazpina zinegotzi eskuratu dituzte bi zerrendek, Udalbatza PSE-EE (2) eta PPrekin (1) osatuko dela. Berdeak, Aralar eta Ezker Batua, 2007an izandako ezkerreko beste indarrek zinegotzirik gabe gelditu dira bakoitza bere aldetik aurkeztuta. Hiruren artean, ezkerreko boto kopuru garrantzitsua gelditu da udaletxetik kanpo, 751 boto-paper, PSE-EEri bi zinegotzi eman dizkioten 594 botoak baino nabarmen gehiago. Eta ezkerreko atomizazio horrek alkatetza kosta dakioke Saioa Villanueva Bilduren zerrendaburuari. Izan ere, ez litzateke harritzekoa PPk EAJri bere jesarlekua eskaintzea, Bilduk Udal bat gutxiago kontrola dezan. PSE-EEk ere txanpon truke bezala erabil lezake Sopelan Landaluze babestea, kontuan hartuta bertako erabakiak autonomiaz hartzen zituen Valentin Solagaistua politikari trebatua kanpainan hil zela.

Urduliz, EAJ lasai

Urdulizen lasai egon daiteke EAJ (5 zinegotzi). Hauteskundeak beste behin irabazi eta gehiengo osoa galdu arren, ez du ematen gaur egungo panorama politikoan PSE-EEk (1) Bilduri (5) alkatetza emango duenik, ezta gutxiago ere. Hortaz, 2007an baino 56 boto gehiago batuta ere, Julio Eugenio Moro konstituzionalistarekin mintzatu beharko da Javier Bilbao jeltzalea.

Hauteskundeen emaitzak Uribe Kostan eta Erandion

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun