Getxoko Udaltzaingoak 17 salaketa jarri ditu apirilaren 13tik, txakurren jabeen artean gizabidezkoak ez diren portaerak geldiarazteko jarduerak areagotu zituenetik. "Batez ere, animaliak edukitzeko ordenantza arautzailea betearaztea" dute helburu ekinbideek, udal iturriek diotenez. Josu Loroño Komunikazio zinegotziak adierazi duenez, "hilabetean gertatutako 17 arau-haustetik, gehienak txakurrak lotu barik eramateagatik izan dira. Gorozkiei dagokienez, lorategi eta berdeguneak kontrolatzen dituen Cespa enpresak jakinarazi digutenez, lekurik problematikoenak Neguriko Atxekolandeta eta Portuko pasealekuak dira". Indarrean dagoen araudiaren arabera, gorozkiak ez batzeak 601 euro arteko isunak aurreikusten ditu eta, txakurrak lotu gabe eramateak 300 eta 1.500 euro artekoak. Argazkian, hainbat txakur hondartzan jolasten / © Sopelako Txakurren Lagunak.