Getxoko Udalak "Mertzerian ere euskaraz" izeneko kanpaina jarri du martxan. Gure hizkuntzaren erabilera bultzatzeko asmoz, Euskara Zerbitzuak urteak daramatza herriko merkataritzaren hainbat sektoretan ekintza ezberdinak gauzatzen: harategi, arrandegi, okindegi eta kirol-dendetan, besteak beste. “Aurrekoetan bezala, bezeroek dendariekin euskaraz berba egitea nahi dugu eta, horregatik, dendetan euskaraz eskatzera animatu nahi ditugu getxoztarrak. Uste dugu salerosle eta ostalarientzat kalitate-plusa dela, baina, batez ere, getxoztarrek euskaraz bizitzeko duten eskubidea bermatu nahi dugu”, adierazi du Koldo Iturbe zinegotziak. Udalak hainbat informazio-orri kaleratu ditu, mertzeria bateko ohiko produktuen irudi eta izenekin, euskaraz eta espainolez. Guztira, udalerriko 16 mertzeria parte hartuko dute egitasmoan. Gauzak horrela, informazio-kartelak jarriko dituzte establezimendu horietan. Gainera, tokiko arduradunek jakinarazi dutenez, denda horietan euskaraz aritzen diren bezeroek bidaietarako jostotzara txiki bat jasoko dute opari gisa. Argazkian, eskuman, Koldo Iturbe Euskara zinegotzia aurretik egindako Gidabaimena Euskaraz kanpainaren aurkezpenean / © Getxoko Udala.