LAB: "Udal eta foru hauteskundeak Hego Euskal Herrian"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mai. 23a, 20:39


Hego Euskal Herriko Udal eta Foru Hauteskundeen emaitzen aurrean, LAB sindikatuak —aurrerago ezagutzera emango duen balorazio sakonago baten atariko gisa— lehen irakurketa egin du: ezer baino lehen zorionak Bilduri, Hego Euskal Herriko mapa instituzionala markatu, irauli egin baitu. Lehenik, Bildu hauteskundeetan izatea lortu du euskal jendarteak; bigarrenik, herria bera izan da Bildu erakundeetan indartsu sartzea ahalbidetu duena. Bildu Hego Euskal Herrian bigarren indarra da. 30.000 euskal herritar baino gehiagok hauteskundeetan parte hartzea galarazita izanik ere, benetako alternatiba eskaintza egiteko gaitasuna erakutsi du koalizioak, egindako apustuaren neurriko emaitza txalogarriak lortuz, LABen irudiko. Egoera benetan demokratikoa lortzeko bidean, ilegalizazio garaiak atzean uzteko bultzada indartsua da honakoa. Argazkian, Maiatzaren Leheneko iazko eskualde manifestazioa Areetan.

Euskal herritarrek, euskal langileek erantzun egin dute. Hego Euskal Herriko mapa instituzionala aldatzearen alde egin dute, nabarmen. Jada, mapa ireki bat dugu begi bistan, PSOEren eta PPren langa guztiak gaindituz, eta horien muga gero eta nabarmenagoak bistan utziz, benetako aldaketarako aukera errealari ateak ireki zaizkio. Euskal herritarren borondatea agerian geratu da, eta emaitza hauek argi erakusten dute nahi edo borondate hori ez dagoela inolaz ere Eusko Jaurlaritzan ordezkatuta, alegia, Jaurlaritzak ez diola erantzuten herri honen errealitateari.

Espainiar Estatuari begira, bere nagusitasuna instituzioetan ere berretsi duen PPren aurrean makur eta ahul geratu da PSOE. Hori da estatu mailako emaitzek utzi duten argazkia: alternantzia politikoaren jokoa bete da, alternatiba politikorik gabe. Eskuin politikak nagusi eta bakarrak izaten jarraitzen dute.

Euskal Herrian sortu den egoera berriak aukera berriak eskaintzen ditu. Aldaketa politiko eta sozialaren aldekoak garen sindikatuok ere sakon aztertu beharko ditugu aukera horiek.

Euskal Herrian, 2011ko maiatzaren 23an.

LAB sindikatua
http://www.labsindikatua.org
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun