Magiaren Astea egingo dute igandera bitartean Sopelan. "Enseñe magia a sus nietas/os" lelopeko emanaldiarekin abiatuko dira jarduerak bihar, asteartea, arratsaldeko 5etan, Kurtzio Kultur Etxean. Gero, 19:30ean, nagusientzako magia tailerra izango da, eta etzi beste ikuskizun bat izango da Nagusien Etxean, 18:00etan.
Sopelako Udalak jakinarazi dutenez, maiatzaren 27an, Dani Da Ortizek "Magia de cerca" ikuskizuna aurkeztuko du 21:00etan, Kurtzion bertan. Sarrera bakoitzak sei euro balio du. Larunbatean, eskulan magikoak egiteko aukera egongo da arratsaldeko 6etan, kultur etxean. 19:30ean, berriz, gazteentzako magia tailerra egingo dute, Gaztelekuan. Azkenik, 21:00etan, magia ikuskizuna izango da El Tahur y La Florista, Mago Sun, Miguelillo eta Sylvanarekin. Sarrera bakoitzak hamar euro balio du. Magiaren Astea igandean amaituko da. Arratsaldeko ordu batean kaleko magia egongo da herrian zehar, eta 13:30ean, "Kayto" haurrentzako ikuskizuna izango da Udaletxeko plazan. Argazkian, kaleko magia ikuskizuna Itzubaltzeta / Romon.