Dena prest dago Algortako Portu Zaharreko urak elkarrizketa eta akordioaren aldeko aldarrikapenez betetzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mai. 24a, 12:03

Larunbat honetan, maiatzak 28, alde anitzeko elkarrizketa eta akordioaren aldeko ekitaldi erraldoia egin gura du Algortako Portu Zaharrean Itsasoruntz ekimenak. Goizeko 11etatik aurrera hainbat ekimen izango dira: txalapartariak, Aitzol de Castroren aurkezpen hitzak, Unai Elorriaga idazlearen mezua, Porrotx pailazoa Zukurekin jolasean, ekintza uretan, bertsolariak (Jone Uria, Arrate Illaro eta Jon Maia), luncha, euskal dantza plaza, musikariak (Gibel Urdiñek), umeen txokoa, enkantea, zozketa... Orain ia bost urte hiru kolorez (gorria, berdea eta zuria) apaindutako gezi erraldoia osatu zuten Algortako Portu Zaharreko uretan. "Oraingoan, erronka garrantzitsuak ditugunez aurrean, are ikusgarriago egin nahi dugu", adierazi dute Uribe Kostako surflariek. Gauzak horrela, aipatu larunbatean, Itsasoruntzen logoa osatuko dute uretan, marka 500 lagunetan jarri dutela. "Eguraldi kaskarra egiten badu ere bertan izango gara; alde anitzeko elkarrizketa eta akordioaren alde eginez", ziurtatu dutenez. Antolaketa lanetan lagundu gura duenak goizeko 8etan jaisterik badauka. Argazkian, 2006ko urriaren 21ean, Itsasoruntz ekimenak antolatuta, surflarien topaketa egin zen Kantauri itsasoan, Algortako Portu Zaharraren ondoan, euskal presoen eskubideak eta etxeratzea aldarrikatzeko.

Esan bezala, larunbatean, Itsasoruntzen logoa osatuko dute uretan. Euskal Herriko mapa egingo dutenek kamiseta zuria jantzi beharko dute. Horretarako, ez da surfean halabeharrez jakin behar. Gezia osatuko dutenek, berriz, kamiseta gorria eraman beharko dute eta nahikoa da erdi mailako surflariak izatearekin. Azkenik, olatua osatuko dutenek kamiseta urdina beharko dute eta surflari adituak izan beharko dira guztiak. Dagoeneko hainbat lagun izango direla konfirmatu arren, parte hartzea librea da: surf oholak eta trajeak egongo dira behar dutenentzat.

Maiatzaren 28koa arratsaldera arteko ekitaldia izango da. Hona hemen egitaraua:

Goizeko 11etatik aurrera:

- Txalapartariak.
- Aurkezlea: Aitzol de Castro.
- Mezularia: Unai Elorriaga idazlea.
- Gonbidatu berezia: Porrotx, Zukurekin jolasean.
- Denok uretara: "500 baietz!".
- Bertsolariak: Jone Uria, Arrate Illaro eta Jon Maia.
- Luncha, enkantea eta zozketa.
- Euskal dantza plazan (Gibel Urdiñek).
- Musikariak: Gibel Urdinek.
- Umeen txokoa: jolasak eta hawaiiar dantzak.
- Txosna.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun