Hauteskundeen emaitzak Getxo udalerrian
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako PSE-EE eta PPko hainbat ordezkarik adierazi bezala, Getxo udalerriko popularrek ere ez dute Bilduri aukerarik emateko asmorik. Horixe bera iragarri du gaurkoan Marisa Arrue Getxoko PPren buruak, "El Correo Español" egunkariak egindako elkarrizketan. "Joan den egunean, Imanol Landa zoriondu nuenean, argi esan nion. Bilduk gobernatu baino, hobe da guztiok egongo garen koalizio gobernua osatzea", eskuindarrak aipatu duenez. "Guztiak" horretan, baina, ez du EAk, Alternatibak eta hautagai independenteek osatutako indarra (7.048 boto eta 4 zinegotzi) kontuan hartzen Arruek, Bilduri ardurarik ematea "udalerrirako kaltegarria" izango litzatekeelakoan. Udal hauteskundeen irabazle Landa jelkideari atzo bertan egin zioten elkarrizketa "El Correo Español" egunkarian. EAJk printzipioz ez du alderdirik baztertu. Bildu "giltza" izango ote zen galdetuta, Getxo gobernatzeko "akordiorako borondatea eta udalerria hobetzeko gogoak dauzkan talde politiko oro funtsezkoa" dela adierazi zuen Landak. Argazkian, Marisa Arrue popularra Algortan bozkatzen igandean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!