Plentziako
hauteskunde emaitzei "berdinketa teknikoa" deritze Jabier Artaza EAJren alkategaiak. Plentziako Independenteek jelkideek baino sei boto gehiago atera zituzten igandeko bozetan. Gauzak horrela, lau zinegotzi izango ditu alderdi bakoitzak. Alkatetza berreskuratzeko Bildurekin hitzarmena lortzea da EAJren asmoa, Artazak berak
"Deia" egunkarian egindako elkarrizketan iragarri duenez. EAk, Alternatibak eta hautagai independenteek osatutako koalizioak hiru ordezkari lortu ditu. "Finean, eurak ere abertzaleak dira. Baita Plentzia ere, bion artean zazpi zinegotzi ditugulako", dio jelkideak. Gorlizen ere zinegotzi kopuruan berdinduta daude EAJ eta Independenteak: bosna ordezkari daukate. Oraingo honetan ere jelkideek irabazi dituzte hauteskundeak. Duela lau urte, ordea, ez zuten alkatetza eskuratzerik izan; Gorlizko Independenteek PPren, EAren eta Ezker Batuaren babesa izan zutelako. "Bilduk gurekin gobernatu nahiko lukeela pentsatzen dut. Gorlizen iritzia nazionalista eta abertzalea da, eta errespetatu beharko litzateke",
dio Arantza Etxebarria EAJren alkategaiak "Deia"-n. Argazkian, Jabier Artaza Ibargurengoitia alkategai jeltzalea / ©
Plentziako EAJ.