Asteburuan jokatuko dute Emakumezkoen Getxoko Futbol V Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mai. 26a, 15:32

Larunbat eta igande honetan Emakumezkoen Getxoko Futbol Txapelketaren V. edizioa jokatuko da Algortako Bolue eta Fadurako zelaietan. Alvaro Gonzalez Kirol zinegotziak eta Jose Maria Bravo Bizkerre Futbol Taldeko presidenteak jakinarazi dutenez, tokiko emakumeen taldeak Athleticekoekin lehiatzeaz gain, Madrilgo Atleticorekin, Oviedo Modernorekin, Valentzia Futbol Taldearekin eta egungo txapelduna den Rayo Vallecanorekin arituko dira. Bestalde, tokiko emakume futbolaren erakustokia den txapelketarako 19.000 euroko diru-laguntza eman duela iragarri du Getxoko Udalak. Argazkian, Bizkerre Futbol Taldeko neskak / © Bizkerre Futbol Taldea.

Alvaro Gonzalez zinegotziaren ustean, Bizkerre udalerriko emakumezkoen futbolaren "erreferentea" da eta klub hori osatzen duten taldeekin egiten duen lana eskertu du. Udalaren asmoa, "ahal den guztian lagundu eta kolaboratzea da, txapelketa izugarria izan dadin. Pixkanaka hazten jarrai dezan eta, egunen batean, nazioartekoa bilakatu dadin", gaineratu du Gonzalezek. Azken helburu hori aurten beteko zutela esan zuten iaz arduradunek, baina, krisialdi ekonomikoa dela eta, alde batera utzi behar izan dutela jakinarazi dute.

Aipatu txapelketa, emakumezkoen futbolari bultzada emateaz gainera, bertan parte hartzen duten kirolariak adiskidetzeko bilgune bat izan nahi duela adierazi dute arduradunek. Hartara, antolatzaileek programa berezia prestatu dute larunbat arratsalderako. Horren arabera, jokalariek eta beren lagunek bazkaria egingo dute; Bilbora joango dira txango turistikoan itsasadarretik, Txinbito itsasontzia hartuta; eta, bertan, San Mames estadioa edo Guggenheim Museoa bisitatzeko aukera izango dute.

Jose Maria Bravo Bizkerreko presidenteak, bere aldetik, Aste Santuan jokatu ohi den txapelketaren egun aldaketei buruz aipatu duenez, “oraingoan maiatzera arte atzeratu dugu Superligako atsedenaldien menpe gaudelako, eta Koparen azken faseko etenaldia aprobetxatu nahi izan dugu”.

Lehiaketari berari dagokionez, txapelketaren aurreneko fasean, bi multzo egongo dira. A multzoan Atletico, Oviedo Moderno eta Rayo Vallecano izango dira. B multzoan, berriz, Athletic, Valentzia eta Bizkerre. Bi multzoetan larunbatean jokatuko dituzte kanporaketak, 10:15etik aurrera Bolueko bi zelaietan. Partiduek 25 minutuko bi zati izango dituzte, ohi bezala.

Hurrengo egunean, igandearekin, finalerdiak eta finala jokatuko dituzte. Finalerdiak Boluen jokatuko dituzte 10:15etik aurrera, 25 minutuko bi zati dituzten partiduetan ere. Final handia, berriz, Fadurako zelaian jokatuko dute 12.10etik aurrera. Norgehiagoka hori 40 minutuko bi zati osatuko dute. Horretan, Imanol Landa Getxoko alkateak ohorezko sakea egingo du.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, finalean zehar 6 kamiseta –kamiseta bana taldeko– zozketatuko dituzte sarrera erosi duten ikusleen artean. Sarrerak 3 eurotan eskura daitezke, hala ere, Getxo markako kide diren klubetako kirolariek doan sartzeko aukera izango dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun