Maiatza eta ekainerako deitutako hiru lanuzte egunetatik lehenengoa egin zuten atzo, asteazkenean,
Metro Bilbao garraio enpresako langileek. Lanuzteak goizeko 6:30etik 8:30ak arte eta, arratsaldez, 18:30etatik 20:30ak arte egin zituzten. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, goizeko geldialdiak "erabateko jarraipena" izan zuen. Trenen gidarien artean segimendua %93a izan zen eta geltokien beharginen artean %90ekoa, Bilbokoetan izan ezik. Basarrate eta San Inazio arteko geltokiak "ia-ia paralizatuta" egon zirelako, %98ko jarraipenarekin, LABen aburuz. Metro Bilbaok egindako irakurketa bestelakoa izan da. Izan ere, garraio enpresak zabaldutakoaren arabera, langileen herenak soilik jarraitu zuen protesta, %32,98, hain zuzen. Bestalde, enpresaren arduradunek zerbitzu minimoa %67,68koa izan dela gogoratu dute, nahiz eta aurreko egunetan %40a izango zela esan. Hori dela eta, sindikalistek Metro Bilbaok zenbaki horiek lortzeko egindako "tranpak" salatu dituzte. Argazkian, hilaren 18an, garraio enpresako bulego nagusiaren aurrean elkartu ziren ehun langile inguru / ©
LAB Metro Bilbao.