Ekainaren 27a eta uztailaren 29a bitartean, 7 udaleku izango dira Itzubaltzeta / Romon eta Algortan. Horietan umeek arazorik gabe goza dezatela ziurtatzeko, haurrek "euskaraz ondo egiteko" kapazak izan behar direla gogoratu du euskara elkarteak. Dena den, azken urteko ildoari jarraikiz, euskarara hurbiltzeko, lagun euskaldunak egiteko eta integrazio ildotik hasteko aukera emango zaie "euskaraz komunikatu ezin diren" 33 umeei, ingurune euskalduna eskainiz. Ume hauek, txanda guztietan banatuko dira, beti haur eta gaztetxoen %10 osatuz. Lehenengo txandan, 30 ume izango dira Algortako Aldai Patronatuan, ekainaren 27tik uztailaren 1era. Uztailaren bi hamabostaldietan, berriz, hiruna udaleku izango dira. Batetik, Romo ikastetxean 50na neska-mutil hamabostaldi bakoitzeko. Algortan, berriz, bina txanda egingo dituzte, adina kontuan hartuta: bata, 5 eta 7 urte bitarteko 50 haurrentzat, San Nikolas ikastolan; eta bestea 8tik 12 urtera arteko beste horrenbeste gazteentzat, Zabala ikastetxean.
Aurten merkeago
Beti bezala prezio ezberdinak egongo dira. Ekainaren 27tik uztailaren 1era arteko udalekuetan izena ematen duten bazkideek 45 euro ordaindu beharko dituzte; bazkide ez direnek 60 euro; eta Getxo udalerrian gutxieneko errenta jasotzen dutenek 20 euro. Uztailaren 5etik 15era zain hile horren 18tik 29era, 82 euro pagatu beharko dituzte bazkideek; 119 euro bazkide ez direnek; eta 20 euro Getxon gutxieneko errenta jasotzen dutenek.