Azken egunotan espetxez aldatu dituzte Iker Beristain eta Urtzi Paul Algortako preso politikoak,
Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Asier Borrero, aldiz, ia bi urte daramatza kartzelan lagunen bisitarik egiteko baimenik gabe, salatu dutenez. Beristaini dagokionez, Meaux-Chauconin-Neufmontiers kartzelatik Bordelera eraman dute. "Bestela ere, zentzategitik bideratu dute bere epaiketa eta aurten epaituko dutela espero da. Bide horretatik ezarri ahal dioten gehienezko espetxe zigorra 10 urtekoa da", azaldu du errepresioaren kontrako erakundeak. Bestalde, oraindik ez dute zehazterik izan Bordeleko zein espetxetan dagoeab, bertan hainbat kartzela baitaude. Urtzi Paulen kasuan, atzo bertan atera zuten Sevilla II espetxetik eta Badajozera eraman zuten. "Hasiera batean Madrilera eramango zutela esan zioten, baina gero Badajozera eraman eta bertan nonbait okertu zirela adierazi zioten, nora eramango duten zehaztu gabe ordea, telefonoz etxekoei jakinarazi zienez", zehaztu du AAMk. Argazkian, herritarrak Borrero eta Beristainen argazkiak eskuan, artxiboko irudian.