Diseinu Lehiaketan Frantziako Philippe Laffonten Estampa y Bibliografia tailerrak irabazi du lehenengo saria, "Puente Colgante de Bizkaia" paper gaineko serigrafiaz baliatuta. Bigarren saria Teresa Salutregiren Bilboko Urre Joyeros tailerrak eskuratu du, amatistaz eginiko lepoko bati esker. Stand lehiaketari dagokionez, Amorebieta-Etxanoko Iñaki Unanue eskulangilearen egur tailerra atera da irabazle eta bigarren saria Joao Clara eta Antonio Costa artisau portugaldarren Ecola ehungintza tailerrak eskuratu du.
Hainbat espezialitate
Aurtengo azokan hainbat espezialitate daude ikusgai: zeramika, bitxigintza, ehuna, harriak, metala, larrukigintza eta landare-zuntzaz eginiko lanak. Halaber, ezin dira ahaztu artisautzan hain ohikoak ez diren beste arlo batzuk ere. Guztira, 26 izango dira Areetan ikus daitezkeen eskulangintza arloak. Gainera, gastronomia-gunea ere badago, Itzubaltzetako Ibaiondo kalean. Bertan, 14 salerosle ariko dira igandera arte.