Uribe Kosta eta Erandion kontzertu sorta oparoa izateaz gain, asteburu honetan gure mugetatik kanpo ere arituko dira eskualdeko musikariak. Besteak beste, Eneko Burzako bakarlari algortarrak, Moby Dick izenpean ezagunagoa denak, Tolosako Auggie dendan urtean behin egiten duten emanaldian abestuko du gaur, ostirala, 19:00etatik aurrera. Sarrera eta garagardoa dohainik izango dira "dendak gainezka egiten ez duen bitartean", antolatzaileek adierazi dutenez. Bestalde, Leioako Kurkudi herriko tabernan, Los Calavera bikoak joko du, 22:00etatik aurrera. Bilbon sorturiko musika egitasmo horretako bi kideek punk rock musika jorratzen dute nagusiki, bateria eta gitarra batzen dituen formazio bitxi batean. Bitartean, Erandioko Sentinel aretoan, Guatorock ekimenaren aldeko kontzertua hasiko da 20:00etan. Bertan, Reborn eta Cleptokratics taldeak igoko dira oholtzara. Argazkian, Moby Dick bakarlaria Tolosan izango da gaur / cc-by-nc-sa Moby Dick Love.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!