Ia bost urte dira Itsasoruntz lehendabizikoz Algortako Portu Zaharrean agertu zenetik. 2006ko urriaren 21ean, euskal preso politikoen eskubideen alde "busti" ziren 300 bat surf zale. Erronka berriei helduz, eskubide zibil eta politiko guztien errespetua eta bermea aldarrikatu du ekimenak, baita giza eskubide indibidual eta kolektibo ororena ere. Itsasoruntzek dioenez, "herriak dauka hitza, herria da giltza. Har dezagun guztion artean gure bizitzako olaturik ederrena!". Itxaropena eta irribarreari eusteko asmoz, jai esparru bilakatu zen Portu Zaharra. Aitzol de Castrok gidatuta, Jone Uria, Arrate Illaro eta Jon Maia bertsolariak (mp3) izan ziren oholtza gainean jarritako txalupara igotzen lehendabizikoak, jendea txalaparta deiadarrari kasu eginez apurka-apurka batzen ari zela. Unai Elorriaga idazleak olerkia (mp3) irakurri baino lehen dantza eskaini zuten dozena bat neskatilek. Ondoren, hawaiiar dantzekin ere ausartu ziren txikiak. Dudarik gabe, uretara sartu aurretik, Porrotx pailazoak jaso zituen txalorik gehien. Magia jolasa eginez atera zuen euskal presoekiko elkartasun mezua. Zapatatzarrak kenduta, itsasora abiatu zen sudurgorria, kristalezko botilan sartuta "Maite zaituztegu!" irakur zitekeen gutuna apar artean murgiltzeko asmoz: helmuga Espainia eta Frantziako espetxeak.
Hartara, Porrotx izan zen uretara salto egiten lehenengoa, baita bustitzen ere. Taula gainean arraunean daukan trebezia erakutsi zuen pailazoak, uretan, itsasoan jarritako ikurrinari helduta amaitu zuen arte. Haren atzetik joan ziren, argibideak entzun ostean, dozenaka surfzale. Neskak batek ohol gainean agurra dantza eskaini ostean, tantaka abiatu ziren guztiak Itsasoruntzen logoa irudikatzeko asmoz. Irudia osatu ostean, beste hainbat dantza egin zituen aurreko emakumeak, oraingo honetan mutil batek lagunduta, bakoitza bere surf oholaren gainean. Orduan areagotu ziren txaloak eta algara; baita euskal preso politikoen aldeko oihuak ere. Behin uretatik irten eta arropaz aldatuta, lunchaz, musikaz, dantzez eta zozketez gozatzeko aukera izan zuten guztiek.
Itsasoruntzek zabaldutako adierazpena:
Eutsi olatuari!
Ia bost urte dira lehendabizikoz Algortako Portu Zaharrean batu ginenetik. Itxaropena piztuz, olatua harrotzea lortu genuen orduan. Euskal Herrian zabaldutako aukera berriaren aurrean, berriro ere olatuaren gandorrera igotzea erabaki dugu Uribe Kostako surflariok.
Prozesua atzeraezina egin gura badugu, guztiz beharrezkoa da herritarren parte hartze aktiboa. Gauzak horrela, "bustitzera" deitu gura ditugu herritar guztiak.
Gatazkaren konponbidean ez dira makalak ditugun erronkak:
- Elkarrizketa eta alde orotariko akordioa, Euskal Herri osoan eta euskal hiritar guztiontzat, bazterketarik gabe.
- Eskubide zibil eta politiko guztien errespetua eta bermea.
- Giza eskubide indibidual eta kolektibo guztien errespetua eta bermea.
Herriak dauka hitza, herria da giltza. Har dezagun guztion artean gure bizitzako olaturik ederrena!
Elkarrizketa eta akordioaren aldeko olatua Algortako Portu Zaharrean (cc-pd Itsasoruntz):