Itzubaltzeta / Romori dagokionez, bertako jai batzordea eta koadrilak atzo batzartu ziren larunbateko VI Koadrila Egunaren lanak eta ardurak banatze aldera. Dena den, Sopelan baino lasaiago ibiliko dira bertan. Izan ere, eguna ez da eguerdira arte hasiko, txupina eta hamabietakoa direla medio. Ondoren trikipoteoa izango da herrian zehar. Arratsaldeko 3etan, ordea, pregoia irakurri eta herri bazkariaz gozatuko dute, 9 euroren truke aurretik erosiko dutenek eta dozena bat euro ordainduta azken unera arte itxarongo dutenek. Txartela oraindik hartu daiteke Pinuetako Texas tabernan zein Itzubaltzeta gaztetxean. Txartelarekin batera, ezusteko opari bat eta gauean edari bat emango dituzte.
Bazkal ostean, 17:30ak aldera, bilketa eta ohiko koadrilen argazkia aterako dute, jolasekin hasi baino lehen. 20:00etan, ordea, herriari bira emango diote Orkresta Nazionala elektrofanfarrearekin batera egindako kalejiran. Ostean jaialdia izango da gaztetxean, DJ Leche de Gorrion Zurdorekin.