Uribe Kostako hondartzak prest daude bihar bainurako denboraldiari hasiera emateko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mai. 31a, 15:09

2011ko hondartzen denboraldiari hasiera emateko, informazioaren teknologia berriak jarriko ditu erabiltzaileen esku Bizkaiko Foru Aldundiak. Sakelako telefonoetarako aplikazio batek hareatzen egoerari buruzko unean uneko informazioa jasoko du. Bainurako denboraldia bihar, ekainak 1, hasi eta irailaren 30ean amaituko da. "Bizkaiko kostako hondartza guztiak egokituta daude, baita bertako atsedenlekuak ere. Garbiketa-ekipoak, instalazioak eta zerbitzuak prest daude", foru iturrien adierazi dutenez. Aurten, Ingurumen Sailak 6,3 milioi euro erabiliko ditu hareatzak garbi eta ondo zainduta egon daitezen eta beharrezko azpiegiturak eta zerbitzuak izan ditzaten. Argazkian, bainulariak Gorlizko hondartzan.

Aurreko udetan bezala, Bizkaiko hondartzek ekipamendu oso bat izango dute. Aurtengo denboraldian, 198 dutxa, 53 iturri, 920 paperontzi eta bidoi, 701 plataforma parrilladun, oinak garbitzeko 53 iturri eta 2.037 metro zurezko pasabide jarri dira, guztira. Aurten, berrikuntza gisa, dutxa, iturri eta oinak garbitzeko iturrietarako jarri diren altzairu herdoilezinezko euskarriek gutxitu egin dute euskarri finkoek hareatzetan sortzen duten ingurumenaren gaineko eragina. Horretarako egokiak direla egiaztatu da Algortako Ereaga hondartzan. Azpiegituren atalean, azpimarratzekoa da 11 hareatzetan umeentzako jolas-eremuak daudela eta beste 16tan bizikletak aparkatzeko guneak. Ingurumena eta kalitatea kudeatzeko sistema integratuari esker, hainbat hondartzek 9001 eta 14001 ISO ziurtagiriak lortu dituzte. Horien artean dira: Algortako Ereaga, Getxoko Arrigunaga, Sopelako Arrietara-Atxabiribil eta Plentzia.

iHondartza

Bizkaiko Foru Aldundiak sakelako telefonoetarako aplikazio bat sortu du, hondartzen egoeraren gaineko informazioa eskuratzeko. Erreminta horren bidez, denbora errealean informazioa eman ahal izango da eguraldiari, hondartzen egoerari eta erabilgarri dauden zerbitzuei buruz. Informazioaren teknologia berriak sartu dira hondartzen kudeaketan, zehatzago, erabiltzaileei eskaintzen zaien informazioaren zerbitzu publikoan. Aplikazioa erabili ahal izateko, batetik, sakelako telefonora deskargatu behar da, bluetooth sistema erabiliz, eta, bestetik, datu eguneratuak, Interneteko konexioaren bidez.

Erabiltzaileek honako urratsei jarraitu behar diete: batetik, www.bizkaia.net web orrira sartuko dira, eta, handik beren ordenagailuetara, hondartzen egoera kontsultatzeko aplikazioa deskargatuko dute. Bestalde, deskargatutako fitxategia beren sakelako telefonora bidaliko dute, bluetooth sistemaren bidez. Aplikazioa modu automatikoan instalatzen da. Azkenik, aplikazioan, interesatzen zaien hondartza aukeratuko dute, haren inguruko informazioa jasotzeko. Aplikazioa Internetera konektatzen da datuak eguneratu eta erakusteko. Sistema ekainaren 15etik aurrera egongo da erabilgarri. Aurretik, aplikazioaren lehen eragiketak egingo dira zirkuitu itxian, sistema abian jartzeko eta datuen transmisioa egiaztatzeko. Aplikazioak Java sistema duten mugikorretarako balioko du. Terminal gehienek daukate.

Hondartzak garbitu eta mantentzeko lanak

Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak 2,44 milioi euro inbertitu ditu aurten, gure kostaldeko hondartzak garbitu, mantendu eta konpontzeko lanetan. Garbiketa lanak urte osoan zehar egiten dira, baina udan lanok areagotu egiten dira. Hareatza gehienak egunero garbitzen dira. Laurogeita hamaika lagun aritzen dira udan garbiketa zerbitzuan, ordutegi ezberdinetan. Beren lana egiteko, ekipo mekaniko sofistikatu bat erabiltzen dute. Ekipo horretan, bitarteko hauek daude: hondartzak garbitzeko makinak, kamioiak, traktoreak, ripper-ak, zisterna-kamioiak, ekortzeko makinak eta harriak kentzeko makinak.

Hondartzetako hondakinak bereizita jasotzeko eta birziklatzeko lanak errazteko, hainbat koloretako ohiko paperontziak ipini dira, baita mareek ekartzen dituzten hondakinak jasotzeko edukiontziak ere. Foru erakundeak dei egin die erabiltzaileei, hondartzetan ere hondakinak sailkatuta botatzeko. "Paperontziak eta edukiontziak beti egoten dira eskura eta erraz ikusteko moduan, modu egokian erabil ditzagun", aipatu dutenez. Erabiltzaileek hondartzak eta hondartzen inguruak garbi manten ditzaten, udan kono itxurako 10.000 hautsontzi banatuko dira.

Salbamendu eta sorospen zerbitzua

Bizkaiko Foru Aldundiak eutsi egin die iaz salbamendu eta sorospenaren arloan egindako hobekuntzei: salbamendu zerbitzurako epea luzatzea (ekainaren 1ean hasi eta irailaren 30ean amaitu) eta sorosleentzako modulu berriak, alegia. Gurutze Gorria zerbitzuarekin loturiko alderdi guztiak kudeatzeaz arduratuko da: langileen kontratazioa, erreskaterako materiala, eta abar. Hondartzen erabiltzaileek oso modu positiboan baloratzen dute sorosleen lana. "Horrez gainera, hondartzetan segurtasun maila altua dagoela uste dute", diote Aldundiko arduradunek. Salbamendu eta sorospenerako giza taldea uretako 152 sorosle tituludunek osatuko dute. Egunero, guztira, 88 sorosle arituko dira lanean, horien artean: 2, Areetan; 5, Ereagan; 3, Arrigunagan; 3, Gorrondatxen; 4, Barinatxen; 7, Arrietara-Atxabiribilen; 2, Barrikan; 2, Muriolan; 4, Plentzian; 6, Gorlizen eta 2, Armintzan.

Erreskaterako materialari dagokionez, aldatu egiten da hondartzaren ezaugarrien arabera. Medikuekin batera, besteak beste, salbamendu-ontzi bana egongo da Ereagan eta Plentzia; uretako motorrak Arrietaran eta Ereagan; erreskateko quad-ak Arrietara-Atxabiribilen eta Plentzia-Gorlizen; zaintzako dorreka, prismatikoekin, Ereagan, Arrigunagan, Atxabiribilen, Plentzian eta Gorlizen (2), desfibriladore erdi-automatikoa hondartza bakoitzean; toleste bikoitzeko ohatila; itsas salbamenduko ekipoak, Gurutze Gorriko taldeek euren kabuz konpondu ezin dituzten larrialdietarako; eta “Ume galduak” eskumuturrekoak, hondartzetan galtzen diren zortzi urtetik beherako umeak identifikatu ahal izateko.

Zaintza eta segurtasun handiagoak

Salbamendu eta Sorospen Zerbitzua eskaintzeaz gain, Foru Aldundiak 619.020 euro gehiago inbertituko ditu hondartzetako zaintzaz eta segurtasunaz arduratuko diren 76 hondartzain kontratatzeko. Udal bakoitzak ezarriko du bere zerbitzuari dagokion lan-ordutegia. Hondartzainek 10:00etatik 20:00etara zainduko dituzte hondartzak, baina 11:00etatik 19:00etara hondartzain gehiago ibiliko da zaintza eta segurtasun lanotan. Zaintza lana egiteko langileak udalek kontratatzen dituzte, baita hautatu ere. Ingurumen Sailak 8.145 euro emango ditu hondartzain bakoitzeko.

Obra berriak

Ingurumen Sailak jarduteko plan bat egin zuen 2005ean, indarrean dagoen legerian eta bereziki Eusko Legebiltzarraren Irisgarritasuna Sustatzeko 1997ko Legean ezarritako irisgarritasunaren arloko estandarrak pixkanaka Bizkaiko hondartzetan sartzeko. Besteak beste, Arrigunaga hondartzako zerbitzu-eraikinetan eta Urdulizko pabiloian konponketak egin dituzte; Plentziako hareatzan megafonia ekipo berriak jarri ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun