Getxo udalerriko hainbat eragilek euskararen aldeko
Sarea Josten ekimen "irekia, herritarra eta horizontala"
martxan jarri zuten 2010eko otsailean, "euskararen alde gabiltzanok, euskaraz lan egiten dugunok eta euskaldunok elkar ezagutzeko eta elkarrekin lan egiteko". "30 eragilek eman genion hasiera ekimenari eta
hainbat jarduera antolatu genuen: erakusketa ibiltaria, soinu-deiak Koska irratian, ekintzen egutegia, herri-bazkaria, eta abar", sustatzaileek azaldu dutenez. 2011n jostunen familia handitu egin da eta beste zazpi eragile gehitu dira euskararen aldeko auzolanera: Getxoko Ikasle Abertzaleak, J.B. Zabala ikastetxeko guraso-elkartea, Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzua, Itzubaltzeta / Romoko Bereterretx euskal kultur elkartea, Itzubaltzeta gaztetxea, Begihandi kultur elkartea eta Geroa ikastolako guraso-elkartea. Sarea Jostenekoek azaldu dutenez, "37 eragileon artean
berbakafea egin genuen otsailean eta
manifestua kaleratu berri dugu maiatzean. Udazkenari begira beste bi helburu adostu genituen: 'Gure berbakere' txapelketa eta agenda bateratua". Argazkian, hainbat lagun otsailaren 25eko berbakafean.