Ilusio handiarekin abiatu zuten UK tabernaren proiektua, baina, azken urteotan jabeek aurrera egitea zail ikusi dute: "gatza da bezeroari nahi duena ematea eta, gainera, egungo krisi ekonomikoak bete-betean jo gaitu", azaldu dutenez. Lokala gazteei begira zabaldu zuten, baina lonjen aferak gorabehera ugari ekarri dizkie: "gazteek daukaten dirua ez da asko eta, lonja ordaintzen badute, bertan gelditzen dira berandura arte. Azken urteetan nabaritu izan dugu berandu etortzen zirela bezeroak. Jendea ordu txikietan etortzen zen eta, bakarrik hirurak arte zabaldu ahal genuenez, bi orduz lan eginez gatza da negozioa mantentzea", aitortu dutenez. Bestalde, traba ugari izan dituzte bost urte hauetan: "Udalak jarritako multak, ordutegi murritzak...".
Aurten indarrean jarritako "tabakoaren legea" ere nabarmen igarri dute UK tabernako arduradunek: "kaltegarri suertatu zaigu. Jende pilo etortzen zen kafea hartu eta zigarroa erretzera soilik eta, legearekin, jendeak etortzeari utzi zion. Gainera, daukagun espaloiarekin ez da oso erosoa izaten kanpora irtetea zigarroa erretzera". "Hainbat faktore dira aurrera egiten utzi ez digutenak", diote arduradunek. Hala ere, arazoei aurpegia erakutsi eta hainbat ekimen antolatu dituzte urte hauetan zehar jendeari, tabernaz gain, "aisialdirako eremu" bat eskaintzeko. "Herriaren erakusleiho edo gune erreferente" izaten saiatu dira argazki erakusketak eta kontzertu akustikoak antolatuz, besteak beste.