Instalazioak handitu arren, futbol zelaiari dagokion lursailaren espazioa ez da handituko, lanak harmailen azpiko 209,45 metro koadroko azaleran egingo baitira, dagoen hutsune bat aprobetxatuta. Izan ere, Udalak duela lau urte zelaia eraiki zuenean, kontuan izan zuen, beharbada, egunen batean handitze-lanak egin behar izango zirela, tokiko arduradunek azaldu dutenez. Orduan, tribunaren azpiko espazioa bi zati simetrikotan banatu zen. Zati horietako batean oraingo instalazioak daude, eta bertan dira, halaber, gaur egun futbol zelaiak dituen aldagela biak. Beste erdian, ekainean hasiko diren lanen emaitza gisa, Udalak lau aldagela gehiago jarriko ditu, eta 2011-2012 denboraldiaren hasierarako prest egongo omen dira, hau da, aurtengo irailerako.
Hainbat gune
Proiektuaren aurrekontua 210.000 eurokoa da (BEZa barne), eta, horren barruan, lau aldagela eta garbiketarako bi gune eraikiko dituzte. Bi bloketan banatuko dira, eta bakoitzak bi aldagela eta garbiketarako gune bat izango ditu. Azken hori erdian egongo da, aldagela bien artean, baina aldagelek ate bana izango dute gune horretara sartzeko. "Horrela, aldagelan talde bat dagoenean, bestetik itxita egongo da sarbidea, kontrako taldea beste blokeko aldagela batean egongo delako; eta, modu horretan, beste aldagela horretatik garbiketarako beste gunera sartuko direlako", zehaztu dutenez. Garbiketarako gune bakoitzak sei dutxa, bi komun eta konketa-multzo bat izango ditu. Instalazioen zabalkundea osatzeko, beste zenbait gune ere eraikiko dira: komunak, bilera-areto bat, epaile nagusiarentzako gela garbiketarako espazioarekin, epaileentzako beste gela bat, biltegi txiki bat eta garbitokia.