Saharar errefuxiatuen kanpamenduetan, Aljeriako Bucraa herrixkan kokatutako adinekoen egoitzaren erabiltzaileei zuzendutako zerbitzuak areagotuko ditu Berangoko Udalak. Bataz beste, 40 gizon-emakume gerturatzen dira egunero aipatu instalazioetara. Gauzak horrela, 12 pertsonentzako garraioa jarriko dute. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak emandako furgonetak beraien etxeetatik zentrora eramango ditu erabiltzaileak. Gaixoren bat kontsultategi medikura garraiatzeko ere balioko du, udal berangoztarreko iturriek aipatu dutenez. Saharar errefuxiatuek beraiek iradokita finantzatu zuten 2010eko Aste Santuan ateak ireki zituen adinekoen egoitza. "Zerbitzua beharrezkoa da, kontuan hartuta, lanerako adinean dauden pertsona gehienek kanpamenduetatik kanpo aurkitzen dutela lana", adierazi dutenez. Zentroan otordu bat bermatu, kontrol mediku prebentiboa egin eta baino turkiarra ematen zaie erabiltzaileei. "Beraiek aukeratu zuten azken hori, nahiago duten higiene pertsonalerako modua delako", zehaztu dute Berangoko Udaletik. Erizain batek arteria-presioa neurtu eta azukre-maila kontrolatzen dio bakoitzari. Horrela, adinekoren batek osasun arazorik badauka kontsultategi medikura edo ospitalera eramaten dute. Laster, erabiltzaileen bizi kalitatea hobetzen ahaleginduko dira, aire girotu sistema jarriz. Kanpoaldean 50 gradutara heltzen dira termometroak bertan. Argazkia: © Berangoko Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!