Gure aburuz, Euskal Herriak aspaldi hasi zuen demokrazia erreal baten aldeko borroka. Euskal Herriari hitza eta erabakia ukatu izan zaion une beretik hasi ginen demokrazia eskatzen. Beraz, esan behar dugu testuinguru berezi batean heltzen dela M-15 deituriko mugimendua Euskal Herrira. Demokrazia boterea herritarren esku izatea bada, argi dugu hemen ez dagoela demokrazia errealik. Alde batetik, herritarrok geroz eta eskubide gutxiago dugu erabaki guneetan parte hatzeko eta badirudi gure iritzia soilik hauteskundeetan izaten dela kontuan. “Botokrazia” da egungo demokrazia bakarra. Beste alde batetik, aipatu bezala, demokraziak herritarrak eta herria ditu oinarri, baina Euskal Herria onartu gabeko nazioa den heinean demokraziak guretzat naziotasunaren ikuspegia ere barnebiltzen du.
Horregatik Euskal Herrian demokrazia errealak dimentsio ezberdin bat izan beharko luke: demokrazia integrala izango da edo ez da demokrazia izango. Hau da, guztion eskubideak bermatu behar dira, euskal preso politikoenak barne, ez da zilegi hainbat eragileren praktika politikoa legez kontrakoa izatea; proiektu politiko guztiek aukera berdinak izan behar dituzte. Demokrazia errealaren aldeko mugimenduak aintzat hartu beharko luke guzti hau.
M-15ek baieztatu du biolentziarik gabeko mugimendua dela, baina guri guzti honek biolentzia kontzeptuaren hausnarkertara garamatza. Zer da biolentzia? Ez al da biolentzia Enplegu Erregulazio Espedienteen (EEE) bidez milaka langile kaleratuak izatea? Eta pobreziak emakume gazteon aurpegia izatea? Ez al da biolentzia kalearen pribatizazioa eta kontrol soziala? Ez al da biolentzia genero indarkeria?
XXI. mendean harreman sozialek eta ekonomia ereduek bizi duten krisia sistema kapitalista eta patriarkarraren ondorio dira, eta hauen aplikazio oro herriaren borondateren gainetik dago. Sistema horiek indarkeria estrukturala dute eta ondorioz, horien aplikazioa ahalbidetzen duten estatuak biolentoak dira.
Sistema kapitalista eta patriarkarraren kontra M-15 mugimendua urrats bat gehiago da. Sistemen kontrako borroka ordea ezin da plaza baten okupaziora mugatu. Guk eraldaketaren aldeko borroka eguneroko jardun gisa ulertzen dugu, norbanakotik hasten dena eta kolektibo gisa garatzen dena. Gu geu gara demokrazia erreala, sistema horien kontra egunero borrokatzen dihardugun gazteok.
Horrez gain, denboran konstantzia izatea beharrezkoa den moduan, eraldaketarako mugimenduak ezinbesteko ditu helburu politikoak. Guk eraldaketa independentzia eta sozialismoaren bidetik norabidetzen dihardugu egunero. Badakigu, eraldaketarako bide horretan anitzak direla topatzen diren proiektu politikoak eta begi onez ikusten ditugu proiektu ezberdinen arteko baterajotzeak puntu komunetan.
Bukatzeko, dei egiten diogu gazte iraultzaile orori sistema patriarkal eta kapitalistaren kontrako sarea botatzera.
Gazte borrokaz, iraultza!
Gazte Independentistak