Getxo Kirolak udal erakundeak bazkideentzako doako hiru ikastaro antolatu ditu hurrengo larunbatetarako: yoga familian, tai ji eta defentsa pertsonala. Lehenengo saioa ekainaren 11an izango da, 10:00etatik 11:30era, Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegiko kantxan. Saioa Antxon Elosua yoga irakasleak zuzenduko du. Bertan, ehun pertsonek parte hartu ahal izango dute, bikoteka. Horiek pertsona nagusi batez eta 14 urte baino gutxiagoko beste batez osatuta egon beharko dute. Hurrengo larunbatean, ekainak 18, tai ji saioa egingo dute toki berean, 10:30etik 12:00etara. Aste Santuan diziplina horren inguruko beste saio bat egin zuten eta, izandako arrakastaren ondorioz, plaza kopurua bikoiztu egin dute. Gauzak horrela, 15 urtetik gorako 50 lagunek parte hartu ahal izango dute saioan. Jarduera horietako batean interesa dutenek 944 308 070 edo 944 045 151 telefono zenbakira dei dezakete. Argazkian, David Bustamante "Zuku", gorriz, Sopelako Tai Ji Taldeko bere ikasleekin / ©
Sopelana.net.