Euskal Herrian Bildu “tsunamia” izan dela esan dute. Bilduren emaitzak ikaragarriak izan dira. Behin zutabe honetan idatzi nuen politikan 1+1 ez direla beti 2, eta oraingoan, Bildu barruan zegoen 1+1+1, ez dira izan hiru, lau baizik, herri honen sektore handi batek etorkizun hobe batean ilusioa duelako; herri honen sektore handi bat nekatuta dagoelako apartheid-ean oinarrituta sortu duten “errealitate birtualez”; herri honen sektore handi batek ez duelako onartzen batzuek konponbiderako pausuak ematen dituzten bitartean, beste batzuek errepresio eskeman sartuta egotea sarekada eta atxiloketa politikoak gauzatuz, (eta abertzale omen den bat, PNV, dena zuritzen… bai zuritzen); herri honen sektore handi bat nazkatuta dagoelako zentzugabeko azpiegiturez, eraiketez e.a. inolako kontsultarik egin gabe eta beti guztion onerako dela esanez. Eta batez ere, herritar asko eta asko lan egiteko, kudeatzeko, politika egiteko beste molde batzuk daudela sinisten dutelako.
Espainia PPk “eskobatu” du PSOE “barrer” dio Espainiako prentsak. PSOEk ez du ordaindu krisi ekonomikoa, herritarrak ez dira (horrela uste dut) hain inozoak; PSOEk ez du krisiaren errua, baina bai krisiaren kudeaketarena. Ikuspuntu ezkertiar batetik kudeatu beharrean (socialista obrero) eskumak erabiliko lituzke errezeten bidez kudeatu du, “que la crisis la pague el capital” ezkertiarra bazterrean utzi eta “que la crisis la paguen los obreros, los asalariados” egin du PSOEk. Hori baldin bada PSOEk eskaintzen diona gizarteri, ohiko esaldia izan beharko dugu gogoan: "kopia eta originalaren artean originala hobeto, alegia, PP". Eta euskal gatazkarekin gauza bera, PSOEk PPren formulak erabili ditu… beraz… zertarako PSOEri bozka eman.
"Democracia Real" mugimendua dela eta, onartu behar dut kontrako sentsazioak ditudala mugimendu honekin. Alde batetik mugimendu mota hauek ulertzea kostatzen zait, eta askotan nor dagoen atzean saiatzen naiz bilatzen, beste aldetik, nire buruari galdetzen dio (etsipenez) ea non zeuden gazte hauek beste euskal gazte batzuk mobilizatu eta atxilotuak izan direnean; baina nire “neurosiak” alde batean utzita esan behar dut pozten nauela mugimendu honek, eta txalotzen dut. Zenbat aldiz komentatu dugu nola den posiblea Espainian lau-bost milioi langabetu egotea eta ez gertatzea ezer; zenbat aldiz esan dugu Espainian dagoen egoerarekin (etxebizitzen prezioak, zabor kontratuak, behin-behinekotasuna lanpostuetan, krisia e.a.) dena geldi-geldi egotea… ba gertatu da: gazte asko eta asko matxinatu dira, akanpadak egin dituzte, proposamenak mahairatu dizkigute, Espainiako politika bipartidista aztoratu dute: ondo, zorionak!. Gazteak, animo, sakondu zuen errebindikazioak, bultzatu, borrokatu eta ez etsi, zuek baino urte batzuk ditugunontzat zuen akuilua beharrezkoa da.
Guillermo Vio "Willi" ezker abertzaleko zinegotziak igandean Sopela.net-en argitaratutako artikulua.