Bihar, asteazkenarekin, hasita eta igandera arte, Bigarren Eskuko Liburu Azokaren 6. edizioa izango da Algortako Telletxe plazan, Getxoko Liburutegi Zerbitzuak antolatuta. Ohi bezala, bildutako dirua hezkuntza proiektu solidario batera zuzenduta egongo da. Aurten, Nikaraguara bideratuko dute, Educacion Sin Fronteras izeneko gobernuz kanpoko erakundearen bitartez. Azokaren ordutegia ondokoa izango da: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Igandean, goizez irekiko dute soilik. Horrela, lau egunetan zehar, bisitariek hainbat gaiei buruzko liburuak erosteko aukera izango dute. Salmentan jarriko diren argitalpen gehienak partikularrek liburutegiei emandakoak dira. Liburu guztiek prezio sinbolikoa izango dute, euro batean hasita. Aurten, 17.000 bat ale salgai jarriko dira, udal liburutegiei emandakoak. Horiek guztiak banan-banan aztertzen dituzte, liburutegien bildumari zeintzuk gehitu dakizkiokeen erabakitzeko. Argazkian, iazko Bigarren Eskuko Liburu Azoka / © Getxoko Kultur Etxea.