Etzi, ostiralarekin, jokatuko da Bilbon Bizkaiko Eskolarteko XXVIII. Bertsolari Txapelketako finala. Hitzordua Indautxuko Karmen aretoan, goizeko 11etan, jarri du antolatzailea den Ikastolen elkarteak. Final horretan, ordezkari bakarra izango du Uribe Kostak, Algortako Bertsolari Eskolako kide den Imanol Uria algortarra, iaz ere finalista izandakoa. Gauzak horrela, maila bitan jokatuko dira txapelak, lehenengoa 14 urte artekoentzat izango da eta bestea 15 eta 18 urte bitartekoentzat, Uriak parte hartuko duen kategoria. Lehenengo atalean, sei bertsolari gaztetxo izango dira eta bigarrenean, berriz zortzik kantatuko dute. Imanol Uriaz gain, Nuria Cortada (Muskiz), Malen Amenabar (Larrabetzu), Nerea Ibarzabal (Markina), Ane Alegria (Zornotza), Aitor Bizkarra (Abadiño), Txaber Ormazabal (Arrigorriaga) eta Olatz Ipiña (Ugao) arituko dira gazteen txapelaren bila, Bizkaie!-k zabaldu duenez. Argazkian, Imanol Uria.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!