Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak hilaren 19an Erandio Landako Ertzain hirian ospatzekoa zen Ertzaintzaren Eguna atzeratzea erabaki du. Saileko iturriek jakinarazi dutenez, atzerapen hori "ospakizun horrek dituen helburuak betetzeko baldintza egokiak ematen direnera arte" luzatuko dute, eperik jarri gabe. Polizia autonomikoaren gehiengo sindikalak, Aresek zuzendutako ekimenaren kontra egiteko, egun berean ekitaldi "alternatiboa" egingo zuela jakinarazi zuen. Horregatik, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, "ez du inolako zentzurik Ertzaintzaren Eguna gatazka eta desadostasunen arrazoi bilakatzeak. Ez luke ezta sindikatuen kexu eta eskaeren agertoki izan behar". Hortaz, ekimena atzeratu egingo dute "kanpoko faktoreek jai egun honetan nagusitu behar den izpirituarekiko errespetua zapuztuko ez dutela ziurtatzen den egun berri batera arte", jakinarazi dutenez. Argazkian, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares dozenaka ertzainen aurrean iazko Ertzaintzaren Egunean / cc-by Irekia.net-Eusko Jaurlaritza.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!