Bihar, ekainak 3,
udako ostiraletako gaueko zerbitzuari ekingo dio
Metro Bilbao garraio enpresak. Hurrengo lau hilabeteetan 48 orduz jarraian ibiliko dira trenak astebururo. Tokiko arduradunek zehaztu dutenez, ostiraletako ordutegia eta maiztasunak larunbat gauetan eskaintzen diren berberak izango dira, aipatu lehenengo eguneko zerbitzua 02:00etatik 06:00etara luzatuz. Horrenbestez, ekain, uztail, abuztu eta iraileko asteburuetako gau guztietan, hamabost minututik behin ibiliko dira trenak Etxebarri-San Inazio enborrean eta ordu erditik ordu erdira Santurtziraino eta Plentziaraino, bi noranzkoetan. "Ordutegi berriak uda heltzean jendearen ohiturak aldatzen direlako eta hiriko trenaren erabilerak etengabe gora egiten duelako jartzen dira. Metroak zeharkatzen dituen aisialdiko jardunak eta herri eta auzoetako jaiak ugaltzea erabakigarria da gaueko zerbitzua luzatzeko", metroko arduradunek azaldu dutenez. Argazkian, metro geltoki bat bidaiariz gainezka.