Saio "guaitoa" emango du igandean "Hitzetik Hortzera"-k

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko eka. 2a, 18:59

Datorren igandean, 22:00etan, menu guztiz "guaitoa" eskainiko du ETBko "Hitzetik Hortzera" bertsogintza saioak. Hasteko, pasa den ostiralean Jon Maiak eta Igor Elortzak Algortan abestutako Western bertso afaria telebistan ikusteko parada izango da. Izan ere, bertsorik gehienak Algortako Kasino zaharrean egindako bertso afaritik hartuko dituzte. Ameriketako mendebalde urrunean girotutako bertso traman Lokartu Yatanka (Fredi Paya) aritu zen gidari eta bertso dueloan nor bano nor Long John (Jon Maia) eta Little Lortz (Igor Elortza). Bigarren platerean, "Zapping" atalean, ALBEk orain 13 urte antolatutako "beltso-afali txinatala" eskainiko dute, Jexux Mari Irazuk eta Xabier Euzkitzek Algortako jatetxe txinatarrean emandako onenak bilduz. Azkenburuan, Algortako Lauaxeta euskaltegikoek, Euskalakari Koblakari sariketa irabazita, Zornotzan Xabier Amuriza eta Amets Arzallusekin irabazitako bertso bazkaria kontatuko dute. Telebistaz gain, Internetez ere, eitb.com webgunean ikusgai egongo da saioa, larunbatetik aurrera. Argazkian, Western bertso afarian izandakoak / © EITB - Bertsozale elkartea.

Baina, Algortakoez gain beste eragile batzuen ekarpena hurbilduko digu "Hitzetik Hortzera" saioak aste honetan. Maite Berriozabal gai-jartzaile berriztar gazteak, esaterako, bere iritziak eta berbakera zabalduko ditu. Horretaz guztiaz gain Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa den G Puntuaren berri emango du Ihintza Irizarrek. "Zuri-Beltzean", atalean, Etxahun Iruriren boza izango da.

Azkenik, Bertsoa.com-ek utzita, DF bertsozale eskolak Durangoko Plateruenan egindako saioko zati bat ere erakutsiko dute. Maite Berriozabal izan zen han gaiak jartzen, eta kantuan berriz: Iratxe Ibarra, Gorka Lazkano, Eneko Abasolo Abarkas eta Unai Iturriaga.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun