Lehenengo egunean, ostiralarekin, bere musika estiloa Espainiatik atzerrira kanporatzea lortu duen artista bakanetarikoa arituko da, jaialdiari hasiera emateko: Javier Vargas musikari madrildarrak estilo propioa garatzea lortu du, blues latinoa alegia. Soinu anitzak uztartzen ditu, erro afroamerikarra duen musikarekin. Nahasketa horri esker artista handiekin lankidetzan jarduteko aukera izan du, hala nola, Lonnie Broks, Larry Graham, Sugar Blue, Larry McCray… Vargas Blues Band taldeak, oraingo honetan, Devon Allman gitarra jole eta abeslariaren laguntza izango du. Gregg Allman mitikoaren semea da hori, Allman Brothers banda famatuko kideetako bat, eta blues rock onenaren adibide argienetakoa.
Larunbata, jaialdiko egun nagusia izango da, Otis Taylor gaur egungo musika eszenako artistarik garrantzitsuenetakoa igoko dela agertokira. Bere bluesak, erro afroamerikarretatik abiatuta, jazzaren eragina ere badu, soinu akustiko eta erritmo elektronikoekin. Sarritan, halako "psikodelia" bat bilakatzen da, artistak berak "trance blues" izena eman dion estiloa sortuz. Hitzei dagokienez, arrazakeria eta pobrezia bezalako gaiak jorratzen dituzte, gitarra riff-en bidez. Horrek guztiak, sentsibilitate handia ematen dio bere lanari.
Estilo anitzak
Taylorrek beste artista handi bat izango du lagun, Corey Harris. Azken hori, 2001ean izan zen Getxo udalerrrian, arrakasta handiarekin gainera. Harrisek trebetasun handiz uztartzen ditu hainbat estilo: blues, rythm&blues, reggae, folk edota afrikar doinuak. Ondorioz, folk blues eta erritmo tradizionaletara gerturatzen da, sarri askotan. Soinuak fusionatzeko duen trebetasunak eta musika-ikerketaren alorrean erakutsi duen interesari esker, Henry Butler edo Ali Farka Toure (afrikar artista garrantzitsuenetarikoa) bezalako artistekin kolaboratu eta musika tradizionalaren ikerketan lagundu du.
Azkenik, hilaren 19an, igandean, Getxoko Blues Jaialdiari amaiera emateko, Charmaine Neville, Mardi Grasen erregina, arituko da bere aita Charlesekin batera. Azken hori Neville Brothers taldeko saxofoi jotzaile mitikoa da.
Getxoko Blues Jaialdian izango diren artisten argazki sorta (© Getxoko Kultur Etxea):