Mugikortasun Jasangarriaren Azoka zabalik dago Areetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko eka. 2a, 19:39

Getxoko jarduneko alkate Imanol Landak Mugikortasun Jasangarriaren I. Azoka inauguratu du gaur Areetako Xake plazan. Udalak Emaus Bilbao Sozietate Kooperatiboaren laguntzarekin antolatutako ekimena igandera arte egongo da ikusgai. "Klima-aldaketaren aurka borrokatu aldera, mugikortasun jasangarrirako ohitura osasungarriak hartzeko garrantziaz sentsibilizatzea" da azokaren helburua, Landak aipatu duenez. Bere esanetan, arlo horretan egiten ari den lana ezagutzeko aukera ematen du, hala nola, auto eta autobus elektrikoak, energia berriztagarrien autobusa eta abar. "Hitz batean, mugikortasun jasangarriaren esparruan izandako aurrerapenak ezagutzean datza, klima-aldaketan, CO2ren isurketan eragina duelako", gaineratu du agintari getxoztarrak. Hainbat ekintza izango dira azokan: ibilgailu elektronikoen erakusketa edo bizikleta publikoa eta tokiko merkataritzari buruzko sustatze kanpaina, besteak beste, "herriko dendetan erostea zein Getxo Bizi bizikleta publikoak maileguan emateko zerbitzua sustatzea helburua izanik". Halaber, "Getxo Bizi" sariak emango dizkiete bizikleta mailegu zerbitzu publikoa gehien erabiltzen duten bi pertsonei, emakumezko bati eta gizonezko bati; baita bikote edadetuenari ere. Argazkia: © Getxoko Udala.

Azokara doazenek aukera izango dute Iberdrolaren autobusa bisitatzeko, energia berriztagarriak hobeto ezagutu aldera. Horren barruan, "Ceodos Doktorea" deitutako ekitaldia ikusgai egongo da, beren karbono aztarna ezagutzea nahi duten pertsona guztiei zuzenduta."Gidatze ekologiko on bat egiteko ohiturak" ere irakatsiko dizkiete nahi duten guztiei. Era berean, bizikletak eta osagarriak trukatzeko azokatxoa egingo dute. Horrekin batera, bizikleten azterketa eta mantenurako tailerra ere izango da. Txikienei zuzendutako ekitaldiak ere egongo dira, jolasaren bitartez, zirkulazio eta bide segurtasuneko oinarrizko arauak irakasteko.

Imanol Landa Mugikortasun Jasangarriaren Azokan (© Getxoko Udala):

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun