Larunbata
Bihar, larunbatean, dozena erdi musika emanaldi izango dira. Larrabasterrako Urgitxeta plazan, 19:00etatik aurrera, Arrabots boskoteak erromeria gidatua egingo du Aitxu! Sopelako euskara taldeak udari hasiera emateko antolatutako euskal erromerian.
Ordu bat beranduago, Itzubaltzeta / Romoko Koadrila Egunaren barruan, herriari bira emango diote Orkresta Nazionala elektrofanfarrekoek eta ostean jaialdia izango da gaztetxean, DJ Leche de Gorrion Zurdorekin, sarrera doan. Arratsaldeko 8etan ere, Ertz metal talde getxoztarrak eta Trim punk-rock banda lutxanarrak Erandioko Sentinel aretoan joko dute, Mala Noche taldearekin batera.
Sopelara bueltatuz, Sunset aretoak Reggae Gaua ospatuko du gaueko 11etatik aurrera, Txakales Sound System, Luki Zarra, Samurai, Mc Txango eta Nebula Selektharen eskutik. Era berean, TDK Sound, Tronis Selektha eta Sepis Selekthak bukaera emango diote. Ordu berean, Thai tabernan, ordea, Zama DJ plentziarra izango da musika techno jartzeko arduraduna.
Bestalde, Busturia herriak hartuko duen Biodibersika jaialdian Aitor Esteban itzubaltzetarra jotzen duen Kherau taldea izango da. Biodibertsitatearen aldeko festibala herriko plazan garatuko da eguerditik goizaldeko 3ak arte, doan. Kherauz gain, Moncada 20, El Columpio Asesino, Colajets, Enkore, Shisha Pangma, Zarra, Kike Mora Jazz Trio, Pulsar, Chaotic Covers, Hey Neken eta Masiompa ikusteko eta entzuteko parada izango da bertan.
Igandea
Azkenik, igandean, Iruñeko Alde Zaharrean ospatuko den "1512an konkistatuak, 2012an bizirik!" lelopeko jaialdian arituko da Siroka Uribe eta Enkarterrietako taldea. 14:00etatik aurrera, Zumalakarregi Atearen ondoan dagoen Redin kaleak honako taldeak hartuko ditu:El Trono de Judas (punk-rok), Siroka (pop), Los Zopilotes Txirriaos (rantxerak), Iparfolk (Folk) eta Skatu (ska-rock). Gainera, "Nafarroaren konkistaren musika bilduma" aurkeztuko dute bertan.