Maiatzaren 31n
Metro Bilbao garraio enpresako zuzendaritzak aurkeztutako proposamena ez onartzea erabaki zuten atzo langileek.
LABek zehaztutakoaren arabera, batzarretara hurbildu ziren beharginetatik %90ek baino gehiagok babestuta. "Enpresa batzordeak borondatea du akordioan zerrendatutako gaiak negoziatzeko eta hurrengo
lanuzteen eguna (ekainak 8) baino lehen irtenbidea adosteko. Azkar ibiltzeko eta lehenbailehen erantzuteko eskatzen dio enpresari, beraz", adierazi dute ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK sindikatuek. Dagoeneko CCOOk lanuzteak alde batera uztea erabaki du: sindikatu horrek enpresaren proposamena onartu du. Gainontzeko lan erakundeek, ordea, argi daukate. Asteartean, hilak 7, elkarretaratzea egingo dute goizeko 10etan Metro Bilbaoko bulego nagusiaren (Nafarroa, 2 / Bilbo) aurrean. Eta negoziaketan aurrerapausorik badago, 10:30ean asanblada izango da Nafarroa kalean eta 17:30ean Sarrikon. Halaber, "zuzendaritzak negoziatzeko asmorik ez badu, edo ezetz erantzuten badu", hilaren 13tik aurrera mobilizazioak eta lanuzteak areagotuko dituztela iragarri dute. Argazkian, hilaren 18an, garraio enpresako bulego nagusiaren (Nafarroa, 2 / Bilbo) aurrean elkartu ziren ehun langile inguru / © LAB Metro Bilbao.