Sopelako Sanpedroetan, Larrabasterrako Karmenetan, Algortako Saninazioetan eta Itzubaltzeta / Romoko zein Algortako Portu Zaharreko jaietan txosnaren bat jarri nahi duten elkarte eta kolektiboek ostiralera arte egin ahal izango dute. Sopelako kasuan, eragileek eskaera orria udaletxean aurkeztu beharko dute, gutxienez honako informazioa barnebilduz: elkarte edo entitatearen datuak; ordezkariaren izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta DNI zenbakia; txosnaren muntatze eta desmuntatze egunak; egituraren neurriak irekita eta itxita; janaria salduko bada elikagai manipulatzaile karneta eta erantzukizun zibileko aseguruaren polizaren kopia eta bere kuota ordaindu izanaren ordainagiria. Era berean, txosna batzordeak 1.500 euroko fidantza jarri beharko du. Getxo udalaren kasuan, txosnak eskatzeko dekretuak aurreko urteetako baldintza beretsuak mantentzen ditu, tartean Udalaren hainbat plangintza kritikatzeko debekua edota Eudelek eta Getxoko Udalbatzak ETAren biktimak ez gogaitzearen aitzakiapean iaz zabaldutako hamaika galarazpen. Argazkian, Algortako San Inazioetan jarritako txosna ilegal bat, 2006an.