EAJk PSE-EEren laguntzaz alkatetza eskuratzen badu, oposiziotik lana eta jarraipen zehatza egiteko deia egin zuen ostiraleko batzar irekian Bilduk. Bildutako auzokideen iritziz, bertan aurkeztu zuten proposamena oso egokia izango da jelkideek dekantazioa egin dezaten. Plazan batu zirenen iritziz, "EAJk argi utzi behar du Bilduren gehiengoa errespetatzeko prest dagoela eta herritarrek nahi duten aldaketa errespetatzeko eta gauzatzen laguntzeko prest dagoen ala ez", Sopela.net agerkariak zabaldu duenez. Datozen egunetan egongo diren mugimenduen inguruan adi egoteko deia egin zuten koaliziokoek eta larunbatean, ekainak 11, izango den osoko bilkurara joateko lotu ziren.
Negoziaezinak diren gaiak:
Ondoko edukiak bete barik oposizioan aritzeko prest daudela azaldu zuten Bildu koaliziokoek. Honako hauek "negoziaezinak" dira:
- Eraikuntza mailari dagokionez, luzamendu bat indarrean jartzea, etxebizitzaren inguruko eztabaida herritarra garatzeko eta erreferenduma baten bitartez honen inguruko erabaki loteslea hartzeko.
- Sopelak egin beharko duen HAPO berria herriaren partaidetzarekin egin dadila eta azkenik erreferendum baten bitartez onartuta izan dadila.
- Kostaldea zaintzeko eta bere inguruan eraikuntzarik ez onartzeko konpromiso sendoa.
- Udal Aurrekontua egiteko herritarren parte hartze efektiboa bermatzea.
- Sopeloztarren parte hartzea bermatzeko sare eraginkorrak eta benetakoak antolatzea.
- Udal liberatuen soldaten irizpideak aztertzea eta orain arte indarrean dauden soldata altuak jaistea.
- Udalaren egungo egoera ekonomikoaren inguruko auditoria bat burutzea.
- Sopelako gazteriarekin batera lokal autogestionatu bat sortzea.
- Pribatizatutako zerbitzuen berrazterketa eta apurka apurka kudeaketa publkora itzultzea.
- Enplegu duina eta eskubideduna sortzeko konpromisoa.
Puntu horiekin batera, "Euskal Herrian abian den prozesu politikoarekin bat egiteko borondatea eta herritarren hitza eta erabakia bermatuta eta errespetatuta izan dadin", Sopelatik ere bat egiteko eskaera luzatu dute. Horretaz gain, Udalbiltzarekin bat egiteko eta preso politikoen aurka indarrean dagoen politika eta dispertsioa deuseztatzeko konpromisoa agertzen da.