Azokaren harira, beste jarduera batzuk ere egingo dituzte, hala nola, liburuen trukatzea, erabilitako arroparen bilketa eta birziklatzeko bi ikastaro: lehenengoa, jostailuak berriz erabiltzeko haurren tailerra, bi egunetan 11:00etatik 13:00etara; eta bigarrena, birziklatutako materialekin egindako jolas eta sukaldeko tresnei buruzkoa, larunbatean, 17:00etan. Horretaz gain, aste osoan zehar bisita gidatuak egingo dituzte Ingurumen Aretotik, Hiri Hondakin Solidoen tratamendu-planta eta udalerriko hondakinen kudeaketa-sistema ezagutarazteko. Ekainaren 10era, 16:00etatik 20:00ak bitartean; eta asteburuan, hilaren 11 eta 12an, 10etik 14:00etara, izango dira bisitak. Argibide gehiagorako eta izena emateko 946 450 023 edo 600 927 035 telefono zenbakietara deitu beharko da. Larunbatean, berriz, 10:00etatik aurrera, bisita gidatua egingo dute Azkorriko hondartza eta Aixerrota arteko pasealekutik, Galeako labarretatik, ekosistema horren biodibertsitatea ezagutzera emateko.
Akuariora bisita eta zuhaitz kimuen banaketa
Bihar, asteartearekin, 12:00etatik aurrera, Kirol Portuan dagoen akuarioaren ate irekien jardunaldia izango da, itsas-ekosistemen biodibertsitatea ezagutzeko, dohainik. Egun berean, Algortako Telletxe plazan, gaztainondo txikiak banatuko dituzte herritarren artean, 12:00etan. Areetako Xake plazan ekimen berdina egingo dute ostegunean, aurrekoaren ordu berean.
Etzi, asteazkenarekin, “Comprar, tirar, comprar” izeneko dokumentala proiektatuko dute Algortako Villamonteko kultur etxean, 19:30etik aurrera. Bertan, zaharkitzapenari buruzko informazioa eskaintzen da, kontsumoa ugaritze aldera produktu baten bizitzaren nahita egindako murrizketari buruzkoa. Azken egunean, igandearekin, txoriei identifikazio eraztuna ipintzeko ohiko ekintza egingo dute Bolueko hezegunean.
Argazki eta idazlan lehiaketak
Aipatu jarduerekin batera, bi lehiaketa ere egingo dituzte: Argazki Digital Lehiaketa (pdf), adin guztietako jendeari zuzenduta; eta Idazlan Lehiaketa (pdf), udalerriko lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleentzat. Bi ekitaldi horien gaia “Baliabideen eraginkortasuna: Gutxiago erabili, hobeto bizi” izango da.