Ostegunean bilduko da M-15 mugimendua Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko eka. 7a, 21:38

"Benetako Demokrazia orain" aldarrikapena eta M-15 mugimendua Uribe Kostara helduko dira etzi, ostegunarekin. Nahiz eta "haserretuek" atzorako deitu herri asanblada Leioako Bulebarrean, aipatu egunean izango dela jakinarazi dute gaur. Gauzak horrela, udalerri horretako lehenengo asanblada egingo dute Kultur Leioaren atarian, Jose Ramon Aketxe plazan, arratsaldeko 8etan. "Kanpaldiak laster amaituko dira eta herrietan sortzen ari diren asanbladek hartuko dute lekukoa, gure eskaerak zehazteko eta horien aldeko ekintzak burutzeko", azaldu dute arduradunek. Argazkian, Bilboko "haserretuen" asanblada / cc-by-nc-nd D'Andres.

Deialdia Bilboko Arriaga plazako kanpaldiaren inguruan eratu den asanbladaren babesa dauka eta Hartu Bizkaia! ekimenaren baitan kokatzen da. Ekimen horrekin, "haserretuek" jendartea eraldatzeko aurretik lan egiten duten kolektiboekin lankidetza sustatu nahi dute, sarea zabaldu eta indartzeko asmoz. Beste asanblada batzuk iragarri dituzte Erandion, Algortan eta Itzubaltzeta / Romon, baina oraingoz ez dute datarik finkatu. Era berean, bere herri edo auzoan batzarra eratu nahi dutenentzat tomalaplaza.bizkaia[abildua]gmail.com posta elektronikoa sortu dute, deialdiak komunikatu eta zentralizatzeko.

Ostegunean jorratuko duten gai ordena:

1.- Arriagan prestatutako errebindikazio-zerrendaren aurkezpena, bertan lan egin duten batzordeei buruzko informazioa eta aurreikusitako ekintzak (ekainaren 19ko manifestazioa). Eztabaida.

2.- Leioako mugimendu sozialen eskaerak. Eztabaida.

3.- Leioako herri asanbladaren antolaketa (noiz bildu, egin beharrekoak) eta beste asanbladekin koordinatzeko egiten ditugun proposamenak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun