• Mugimenduak demokraziari buruz egiten duen irakurketa berretsi nahi dugu. Aurreko oharrean irakurketa horri Euskal Herrian bizi dugun egoera bereziaren inguruko irakurketa gehitu nahi izan genion. Hemen bizi dugun salbuespen egoeraren ondorioz, defizit demokratiko are larriagoa baitugu gure ustez. Kontua ez baita nik zer ezin dezakedan egin, baizik eta kolektibo oso baten eskubideak direla hemen komuneko zulotik behera bota (nahi) dituztenak. Beraz, aurreko oharrean esaten genuena berretsi nahi dugu: demokrazia integrala izango da edo ez da izango.
• Behin hau esanda, Iruñerriako gazte mugimenduak bidali duen oharrarekin bat egiten dugula azaldu nahi dugu. Hau da, M-15 mugimenduaren bultzatzaileen inguruko eztabaida antzuak alde batera utzi eta garrantzitsuena hemen herritarrok demokrazia eskatzeko aukera bat gehiago dugula da.
• Gu gara demokrazia erreal bakarra, hala berresten dugu. EZ gazte independentistok (soilik). Gazteria gara demokrazia erreal bakarra, gazteria osoa. Gu gara etorkizunean benetako demokrazia bermatu dezakeen kolektiboa.
• Helburu politiko ezberdinak izanda ere, bat egiten dugun puntuetan indarra egin eta elkarlanean jardun behar dugu. Gazte independentistok independentzia eta sozialismoaren bidean kokatzen dugu gure indarra, beste kolektibo batzuek helburu ezberdin batzuen baitan kokatzen dituzten bezala. Hala, helburu guztiak berdinak ez izanda ere, bidean batera-gune ugari topatuko ditugu eta garrantzitsua da sentsibilizazio ezberdinen arteko indar metaketa.
• Hala, beharrezkoa ikusten dugu mugimenduak iraunkortasuna hartzea denboran. Norbanakoak jarrera konkretuak hartzetik harago, sentimendu kolektiboa indartu eta sistema kapitalista eta patriarkarraren aurka elkarlanean jardutea. Iraultza ez baita egun batetik bestera egiten. Eguneroko gauza txikiek egiten dute iraultza.
• Amaitzeko, gazteriari kalera ateratzeko deia luzatu nahi diogu. Izan M-15 mugimenduan parte hartuz, edo izan gure herrian, Gaztetxean, auzo elkartean, emakume taldean, musika taldean, aisialdi taldean… Denon artean, bakoitzak bere hondar alea jarriz, lortuko baitugu demokrazia erreala Euskal Herrian.
Gazte borrokaz, iraultza!
Gazte Independentistak