AHTren aurkako nazio manifestaziorako autobusa jarri dute Uribe Kostan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko eka. 7a, 23:33

AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, larunbat honetan, hilak 11, Abiadura Handiko Trenaren aurkako manifestazioa hartuko du Arrasatek. Hitzordua arratsaldeko 6etan jarri dute, herriko plazan. Haraino bertaratzeko, autobusa antolatu dute Uribe Kostan LZPren Aurkako Asanbladak eta Plaza Beltza kulturguneak. Interesatuek ohiko lekuetan eman ahal izango dute izena etzira arte, osteguna, 7,5 euroren truke. Ostiralean, ordea, Plaza Beltzaren Larrabasterrako lokalean baino ez da egongo txartela hartzeko aukera. Larunbatean, Algortatik aterako da autobusa, Telletxetik, arratsaldeko 4etan. Ordu laurden bat beranduago, Itzubaltzeta / Romoko Simply supermerkatutik igaroko da, azken bidaiariak batzera. Argazkian, AHTren eraikuntzan parte hartzen duten bi enpresaren aurka iaz Leioan egindako elkarretaratze bat.

Larunbaterako deialdi bideoa (© Atxetez)



AHT Gelditu! Elkarlanaren oharra

Manifestazio honen helburua AHT-ren aurka dauden sektore sozial anitzen bilgunea izatea da: azpiegitura honen obrak gelditzearen, gizarteari erabakitzeko eskubidea itzultzearen eta, gaur egungo garraio eta lurralde antolaketa ereduaren inguruan eztabaida sozial zabal bat irekitzearen alde dauden sektore guztiak mobilizatzea.

Iazko udan, diru faltaren ondorioz EAEn AHTren obrek izan zuten geldialdiaren ondoren, gaur egun zenbait zatitan lanean dabiltza berriz, baina azpimarratzekoa da, lanek erritmo izugarri motela dutela. Gainera, “euskal Y” deiturikoaren zenbait zatitan ez dira obrak hasi, hiriburuetako sarrerak ez dira definitu eta ofizialki obrak inauguratu dituzten zati batzuetan, ez dira obrak hasi. Bestetik, adierazgarria da ere, azpiegitura honen obrak eragin dituzten salaketak, ingurumenaren aurkako ustezko delituengatik salaketak (Iurretako Orozketa auzoan), obren zarata dela eta auzokideen salaketak, aurreikusi gabeko sarraskien salaketak (Aramaioko bidearen asua), uraren harrapaketa irregularragatik salaketak,…

Nafarroako egoera bestelakoa da: obrak hasi gabe daude, eta Nafarroako Gobernuak dioenez uda honetan hastekoak dira. Horretarako, Castejon-Zuasti zatiko desjabetzak hasi dituzte, uda honetan obrak hasteko asmoz. Zentzu honetan zera salatu nahi dugu: lurjabe gehienek eta udalek ez dutela proiektuaren egoera ezagutzen, defentsagabezia larri bat sortuz; izan ere, ez dezagun ahaztu informazio falta proiektu honen ezaugarrietariko bat dela. Bestetik, gogoratu nahi dugu, nola Sustrai Fundazioak Entzutegi Nazionalean Castejon-Zuasti zatiko DIA-ren kaduzidadea salatu zuela, hori dela eta, obra legalki hasteko Nafarroako Gobernuak DIA berri bat egin beharko luke.

Iparraldeko egoerari dagokionez, esan beharra dago, berriz ere LGV proiektuaren finantziazioaren inguruko eztabaida berpiztu dela; gogoratu dezagun gai honek eztabaida sutsua piztu zuela udal eta herritarrengan. Azpiegitura hau gainera, gaur egun, oraindik zehatz definitu gabe dago.

Bestalde, AHT Gelditu! Elkarlanetik gutun bat helarazi diegu Aralar, Bildu, NaBai eta Ezkerrari beraiekin AHTaren aurkako borrokaren inguruan hausnarketa batzuk konpartitzeko asmoz. Gutun horrek zera dio hitzez-hitz:

AHTa ez da ingurugiroaren aurkako eraso bat soilik, jada ezaguna denez gizarte eredu jakin baten tresna bat ere bada. Azpiegitura hau eraikitzeko eta ondoren mantentzeko beharrezkoa den diru publikoak, lurralde antolaketan duen eragina larriak, bere izaera elitista eta esklusiboak, nekazaritzan eta nekazal guneetan duen eraginak, eta deslokalizazio industrialari ematen dion
bultzadak, gizartearen interesen aurkako proiektu bat bihurtzen dute.

Bada hamarkada bat makroproiektu hau gelditzeko borroka abian jarri zela, eta hamarkada guzti honetan AHTren aurkako borrokak momentu ezberdinak jasan ditu. Azpimarragarria da, nola bere egunean AHTren aurkako mugimenduak sentsibilidade ezberdinetako jendea bildu zuen, mobilizazio dinamikak eta AHTren inpaktuen sentsibilizazioaren inguruko lan izugarria eginez
azpiegitura honen erabilgarritasuna zalantzan jartzen zuen eztabaida soziala lehen mailan ezartzea lortu zuen arte. Gaur egun, euskal Y deiturikoaren obrak jada hasita daudenean, ukaezina da AHTaren aurkako borrokak, faktore asko direla medio, intentsitatea murriztu duela eta zentralidade politikoa galdu duela. Hori dela eta, borroka honi bere balioa emateko asmotan; proiektuak berak duen garrantziagatik, AHTren eraikuntza lanen hedaduragatik eta ekonomia neoliberal berri baten
sinbolo gisa duen garrantzia dela eta, zuengana zuzentzen gara hausnarketa gisa gai zehatz batzuk planteatzeko:

1.- AHTak politika sozial eta ingurumenean dakartzan ondorioak oso larriak izan arren, proiektua gelditzearen aldeko borroka bigarren plano batean gelditu dela uste dugu. Beharrezkoa da gai honen inguruko eztabaida sozialari dagokion neurria berrezartzea. Oraindik aukera dugu AHTren erabilgarritasunaren inguruko eztabaida berpizteko, berau gelditzeko aurrerapauso gisa. Krisi ekonomikoa eta erakuntza lanek duten atzerapena alde batera utzita, Espainiar Estatuak ez du etsi azpiegitura honen inposaketan, eztabaida eta parte hartze soziala ukatuaz. Horregaitik, AHTaren gaia berriz ere aktualitate politikora bueltatzeko deia luzatzen dizuegu.

2.- AHTaren aurkako indarrak eta sektore desberdinak biltzeko baldintza sozial eta ekonomikoak ematen direla uste dugu. Proiektu honek dakartzan ondorio kalte sozial eta ekologikoen mailako erantzuna behar du. Indarrak batzeko garaia da. Gure herrian AHTren aurkako gehiengo sozial bat badago, gehiengo hori aktibatzeko gai izan behar dugu gizartearen hitza eta erabakia errespetatuak izan daitezen.

Azkenik, Arrasaten egingo den ekainaren 11ko manifestazioa konbokatzeko arrazoiak azalduko
ditugu:

• AHTk suposatzen duen diru xahuketa salatu nahi dugu. AHT ekonomia publikoentzako hipoteka bat da. Azken urteetako azpiegitura politiken ondorioz gastu publikoaren igoera neurrigabekoa izan da, gainera hauek ez dute inolako onura ekonomiko ezta sozialik ekarri, eta horrela aitortu zuen Jose Blanco Ministroak iaz azpiegitura publikoen politika sostengaezina zela esatean. AHT eraikitzeko xahutzen diren baliabide publiko guztiak direla eta, ondorio larriak sortu dira sektore publikoan: osasun zerbitzuen kalitatea gutxitzea eta murrizketak hezkuntza eta zerbitzu sozialetan. Nola defenda daiteke gure eskubide sozialak bermatzeko dirurik ez dagoela, aldi berean AHTren eraikuntza lanetan milaka milioi gastatzen dituztenean? Enpresari bakan batzuen aberasteko nahiari eta obra honen politika sustatzaileei esker, hauen interes pribatuek ongizate publikoaren gain lehentasuna dute, gizartearen prekarizazioa eta mailaketa larrituz.

• AHTaren obretan ari diren langileek dituzten lan baldintza negargarriak ere salatu nahi ditugu. Jada 4 pertsona hil dira obretan, 10 ordu baino gehiagoko lan orduak eta lan istripuen prebentziorako neurririk eza gailentzen dira. Administrazioak laneko segurtasuna faltaren eta lan istripuen aurrean begiak ixten ditu. AHTari loturiko lanpostuen sortzea, aberastasuna eta ongizatea gezurra besterik ez dira. Gaur egun espainiar estatua abiadura handiko km. gehien duen estatua izan arren, langabezi tasa altuenak dituena da, eta are gehiago, Europa mailan hazkuntza ekonomikorako aukera gutxien dituen estatua ere bada. Argi dago guzti honetan ondo ez dabilen zerbait dagoela…

• Gure lurraldea suntsitzen ari dela salatu nahi dugu. AHTk naturgune eta ekosistemen txikitzea dakar, milaka lur hektareen okupazioa dakar, eta nola ez, honekin batera, nekazal eta abeltzantza jardueren desagertzea. Horregatik, lurjabeak, baserritarrak, udalak eta kaltetutako herriak gure lurraldea eta gure bizimodua defendatzera deitzen ditugu. AHT lurraldearen antolakuntza orekatuaren hondamena da, izan ere, erdibidean dauden herri eta eskualdeak izango baitira, nekazal guneekin batera, obra izugarri honen ingurumenaren gaineko eragina jasango dutenak.

• AHT inposatu diguten eredu sozioekonomikoaren ondorio zuzena da, interes ekonomiko pribatuak ditugun baliabide natural mugatuen gainetik ezartzen dituen eredu neoliberalaren ondorio zuzena. Baina AHT ez da gizarte honek sufritzen duen gatazka sozioekologiko bakarra, badaude gizartearen interesen aurka eta ekologikoki sostengarriak ez diren beste proiektu batzuk gure inguruan: Boroako zentral termikoa, Muskizko Coke planta, Garoñako zentral nuklearra, Supersur-a, Gueñes-Itxaso tentsio altuko linea elektrikoa, Castejongo zentral termikoak, Zubietako erraustegia, Jaizkibelgo superportua… eta ezin ditugu alde batera utzi azpiegitura hau egiteko ezinbestekoak izango diren harrobiak (Mañariko Markomin-Goikoa, Abadiñoko Atx-Txiki, Foruko Peña-Forua, Udalaitz, Mutrikuko Olatz harrobia, Debako Sasiola, Cantera de Magna en Zilbeti …). Guztiek dute jatorri berbera: interes ekonomiko pribatuak; guztiek dute prozedura berdina: inposizioa; eta guztiek dute ondorio berbera: hondamendi sozial eta ekologikoa.

• Amaitzeko, gure lurraldea defendatzeko deialdia luzatzen dugu, bere egunean Lemoiz gelditu zen, mobilizazio sozialak Nafarroako tentsio altuko linea elektrikoak birplanteatzea lortu zuen, epaitegiek behin baino gehiagotan Castejongo zentral termikoen legezkanpokotasuna aldarrikatu badute, gaur egun Pasaiako superportuak inoiz baino zailtasun gehiago baditu, zergatik ez da posible izango AHTa gelditzea?
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun