Bihar, osteguna, "Benetako demokrazia orain" aldarrikapena eta M-15 mugimendua Uribe Kostara helduko dira Leioan egingo duten asanblada dela medio. Etzi, ostirala, berriz, Areetako Xake plazak hartuko du Getxo udalerriko asanblada. Antolatzaileek Hartubizkaia.net webgunean iragarri dutenez, hitzordua arratsaldeko 7:30ean jarri dute. Oraingoz ez dituzte jorratuko diren gaiak ezagutzera eman, baina, besteak beste, litekeena da maiatzaren 15ean kalera irtendako mugimenduaren orain arteko ibilbidearen azalpen laburtua egitea, berau Getxo udalerrira egokitzeko formulak aztertzea eta baita hilaren 19an, igandea, Bilboko Jesusen Bihotzetik irtengo den manifestazioa prestatzen hastea. Getxo udalerriko "suminduekin" harremanetan jartzeko getxom15masanblada[abildua]gmail.com posta elektronikoa erabil daiteke. Argazkian, Bilboko "haserretuen" asanblada / cc-by-nc-nd D'Andres.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!