Azken sei urteotan bezala,
Kameratoia Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya antolatu du
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak. Aurten, gainera, Lemoiz, Sopela eta Urdulizko udalekin eta Uribe Kostako Mankomunitatearekin batera. Gazte euskaldunek uztailaren 9an izango dute lehen hitzordua, Urdulizko kultur etxean, beraien lanak egiteko gaia eta islatu beharreko irudien zerrenda denek batera jasotzeko. Hortik hasita, bost eguneko epea izango dute bideoak pentsatu, egin eta aurkezteko. Beranduenez ere, hilaren 14an aurkeztu beharko dituzte, eta orduan hasiko da epaimahaiaren lana. Aurreko edizioetan bezala, epaileek hiru sari emango dituzte, 1.500, 1.200 eta 900 eurokoak. Behin epaimahaiak erabakia hartuta, lehiakideek bigarren hitzordu bat izango dute, hilaren 23an Sopelako kultur etxean. Bertan, sortutako pelikula guztiak ikusteko aukera egongo da eta irabazleen izenak ere jakinaraziko dituzte. Argazkian, gazte bat grabazio lanetan iazko Kameratoian / cc-by-nc-sa Topagunea.