Goizean goiz, pankarta ezberdinak zabaldu dituzte: Medikuntzako Asanbladatik euskararen alde matrikulazioak euskaraz egitea aldarrikatuz, gazte independentisten eskubide zibil eta politikoen defentsan Gazte bat + ez! dinamika aldarrikatuz, eta Gizarte Zientzietako Asanbladaren eskutik "Bienvenid@s a la universidad ¿publica? patrocinada por: ConfeBask, Petronor, BBK, El Correo..." zeritzon pankartarekin EHUren eta hezkuntzaren "merkantilizazioa" salatuz. Ondoren, azterketak egin behar zituzten eraikina kartelez josi dituzte aldarrikapen ezberdinekin: kontrol soziala salatuz, "Zona videovigilada, kamaraz zaindutako gunea" zioten kartelen bitartez; merkantilizazioa salatuz, "UPV=Petronor, Ertzaintza, ConfeBask, El Correo, BBK, kamerak..." bezalako leloekin; edota 2015 Unibertsitate Estrategia eta merkatuaren menpeko unibertsitate publikoaren finantzazioari buruz, ANECAk eta Hezkuntza Ministeiroak kaleratutako testuak plazaratuz.
Eskuorriak eta antzerkia
Era berean, azterketak baino lehen, ikasleen sarrerarekin bat eginez, tolesturiko eskuorri txiki batzuk banatu dira. Bertan, alde batean zera jartzen zuen: "Ikasle, ez irakurri azterketa bukatu arte". Eta beste aldean ondokoa: "Zeri deitzen diogun: hezkuntzaren pribatizazioa, elitizazioa, full-time study, infantilizazioa, Unibertsitate Estrategia 2015, hezkuntza lehiakorra... Eskuorria zabaltzean, barnean, hezkuntza eredu espainiarrari buruzko eskematxoa azaltzen zen, zera adieraziz: "Selektibitatetik ateratako zenbakiak bizitzaren laburpen gisa, zein nolako etorkizuna dugun aukera, ilusio eta lan irteerei dagokienez. Amaieran, ametsak merkatuaren beharrak bihurtzen direla jakinarazten delarik", azaldu du Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Asanbladak.
Azkenik, hainbat ikaslek "EHUren errealitatea" irudikatu nahi izan dute antzerki baten bitartez: "Agintzen duen enpresari batek segurtasun zaindari bat sokaz eusten zuelarik, barra-kodea zeukaten maskaraz jantzitako ikasle / bezeroak gidatzen zituen". Antzerkia, selektibitatea egiten ari ziren ikasgela ezberdinetatik eta korridoreetatik pasa da.
Burututako ekintzak iruditan