Udalbatzaren azken saioaren aktaren sinadurarekin eta tokiko zinegotziei zein lau urte hauetan hil diren ordezkari politikoen senideei Aixerrotaren oroigarria ematearekin batera, 2007/2011 legegintzaldia amaitutzat eman dute gaur goizean Getxoko udaletxean. Larunbat honetan, hilak 11, datozen lau urteetarako udalbatza osatuko dute, goizeko 10etan. Imanol Landa jarduneko alkateak egindako lana eskertu die zinegotziei, Udaleko langileei eta bertan zeudenei. Horren laburpena egin du eta, nabarmendu duenez, "lau urte gogor izan dira, udalbatzak gure herrian izan diren atentatuak, uholdeak, ziklogenesiak eta, oraindik, gaur egun pairatzen ari garen krisi ekonomikoa jasan baititu. Bestalde, indarkeriarik gabeko garai berri baten jaiotzaren lekukoak izan gara eta denok hori betiko aurrera egitea espero dugu". Horrez gain, Landak Gobela ibaia eta egin beharreko gai batzuk ere aipatu ditu: "adostasunean eta lan komunean, gure herriarentzat garrantzitsuak ziren arazo batzuei aurre egin diegu, esate baterako, Gobela ibaiaren egoera; eta egin beharreko jarduerak ere gainditu ditugu; tartean, terrorismoaren biktimak gogoratzeko ekitaldia, baita frankismoarenak eta Gerra Zibilarenak ere”. Argazkian, Imanol Landa Getxoko zinegotzi guztiekin batera udaletxeko sarreran / © Getxoko Udala.