Uribe Kostako surflariek egindako deialdiari erantzunez, dozenaka herritarrek irudikatu zuten maiatzaren 28an Itsasoruntz ekimenaren logoa, Algortako Portu Zaharreko uretan. Horren bitartez, gatazkaren konponbiderako "olatua hartzera" deitu zituzten herritarrak. Itsasoruntzen ustez, "gatazkaren konponbiderako prozesua atzeraezina egin gura badugu, guztiz beharrezkoa da herritarren parte hartze aktiboa". Bide horretan, elkarrizketa eta alde orotariko akordioa "funtsezkotzat" jotzen ditu ekimenak: "Euskal Herri osoan eta euskal hiritar guztiontzat, bazterketarik gabe". Ia bost urte dira Itsasoruntz lehendabizikoz Algortako Portu Zaharrean agertu zenetik. 2006ko urriaren 21ean, euskal preso politikoen eskubideen alde "busti" ziren 300 bat surf zale. Erronka berriei helduz, eskubide zibil eta politiko guztien errespetua eta bermea aldarrikatu zuen orain bi aste ekimenak, baita euskal preso politikoena ere.
Igandeko egitaraua
Eguerdiko 12:30ean abiatuko da manifestazioa, Guggenheim museoaren aurretik. Ondoren, egun osoko ekitaldia egingo dute udaletxearen inguruetako kaian, Erripan, "presoen eskubideen aldeko mezua hamaika eratan taularatzeko". Kultur eskaintza oparoa izango da bertan, artisten laguntzari esker. Horrela, manifestazioaren ondoren, jai giroan egingo dute aldarrikapena. Bertsolari eta txalapartarien ondoren, musika izango da nagusi. Hamalau taldek emanaldi labur eta "bereziak" egingo dituzte, eta hamabosgarrenak, Ze Esatek! taldeak, kontzertu luzeagoa eskainiko du. Antzerki emanaldia ere izango da, besteak beste, eta sorpresak egongo direla ere iragarri dute antolatzaileek. Eguna igarotzeko, jana erosteko guneak ere izango dira, karpa batean. Besteak beste, sardina erreak eta taloak eskainiko dira.