Tamalez apustu horrek ez du inoiz gobernuen oinarri sendoaren segurtasuna izan, batzuetan sistemak beren-beregi egokitutako zelai hesituaren muga itogarrietan barrena, besteetan kontseilari kargu aldaketaren mamua gainean gure geroaren jabe izan ezinean bizi behar baitugu. Oraingoan, inposizioz eratutako Gasteizko gobernuak pagu ederra eman dio Zabala eskolari, bere ehun urtetako historian egindako azken aldaketa kualitatiboa “saritu” guran, antza: datorren ikasturtetik aurrera, D eredua duen Aixerrota institutuan matrikulatu barik, 6. mailako ikasleek A eredua nagusi duen Julio Caro Baroja institutura joan behar izango dute, berriz ere erdararen zurrunbiloan kateaturik. Gogoan izan behar dugu inguruko hirietan –Bilbo barne- A eredua aspaldi desagertu dela irakaskuntzan publikotik, baina Getxon “esku jainkotiar” batek bizirik mantendu du.
Enegarren aldiz eskola bat laidotua izan da, enegarren aldiz euskal irakaskuntzaren alde egindako apustua suntsitu, gure kasuan antzinako espainolkeria nardagarriaren arroetara itzuli guran. Celaá eta bere jendilajearengandik ez genuen besterik espero. Horra hor, adibide gisa, Bilboko Carmelo ikastola eta Mina del Morro ikastetxearen arteko “esperimentu” etnozida.
Tamalgarria benetan Gasteizko gobernuaren inposaketa berria, ezkutuan eta inpunitatearen iluntasunean burutua; tamalgarria era berean zentroko gurasoei eginarazi dietena, halako bidegabekeria saihesteko seme-alabak beste zentro batean matrikulatu behar izanik; tamalgarria eta patetikoa, XXI. mendean gure herrian tamaina honetako erasoak jasan beharra. Bere etorkizuna kolokan, eskolaren izarraren distira apaldu eta satelite mortu izatera kondenaturik dago, boteredun askotxok euskara eta bere kultura kondenatu gura duten gisa berean.
Juan Bautista Zabala eskola jakinduriaz zamaturiko itsasontzi bat da –beste batzuen artean- erdal itsaso erraldoiaren gainean bere Itaka topatu guran gerorantz nabigatuz doana, batzuetan bare besteetan enbataren erdian. Hala ere, Celaá eta bere akolitoek zurrunbilo beltz lohiak maite dituzte, eta euskal alez zamaturiko itsasontzi horiek itsasoan hondoraturik ikusi gura lituzkete. Halako artzainekin, onak gaude ardi gaixook!.
Josu Gotzon Landeta (Irakaslea)