Udalbatza berria eratzeko ordu gutxi falta direla, oraindik ez dago argi Bilduko Saioa Villanueva ala EAJko Josu Landaluze izango den Sopelako alkate. Jelkideek "udalerrikoak ere ez diren" PSE-EE eta PPko hiru zinegotzien babesa beharko dute, hurrengo lau urteetan Udala gobernatu nahi badute. Sozialisten keinuak, ordea, ez dira batere argigarriak.
Sopela.net agerkari digitalak zabaldutakoaren arabera, izandako hartu-emanetan, erabakia "beraien esku ez" dagoela eta "goragoko instantziek hartuko dutela" esan diete Bildukoei PSE-EEko tokiko ordezkariek. Bitartean, EAJkoek ez omen dute "kiroltasunez" hartu "porrota". Aipatu hedabideak azaldu duenez, "hasieran hitzarmenetara heltzeko prest agertu ziren arren, hurrengoko bileretan jarrera beligerantea agertu zuten". Besteak beste, izandako "bederatzigarren batzarrean", Villanueva alkate izatekotan, hura liberatzeko proposamena "ez zutela babestuko" esan ei zieten jelkideek, Bildukoak egin beharreko lana "oztopatzeko" asmoz. Argazkian, joan zen ostiralean batzar irekia egin zuen Bilduk / © Sopela.net.